Umetan, aitarekin Azkonobieta basora-edo joaten ginenean, deigarri gertatzen zitzaigun perretxiko artean astaputza, hankapean hartuz gero usain nabarmena eta kedarra zabaltzen zuelarik. Bestetik, suge gorriari genion beldurra.
Usaina, kedarra eta beldur klase guztiak, dena demokraziaren izenean, jakina, baditugu oraintxe. Ez dira behintzat berehala asetzekoak gurekin Madril alde horretan!
Lehenik Amnistiaren aldeko Gestora ekarri nahi dut gogora. Ikusi besterik zenbat joan-etorri egin behar izan duten mugimendu honetako kideek 33/01 deitu epaiketa dela kausa. Hogeita bi (22) sesio burutu behar izan dira horien kasuan. Baina beren burua zut erakutsi diete epaile puztu horiei, hitz bat bera ere ez baitie egin erantzun gisa hauen galderei. Zergatik eta presondegi zulora sartzea aurrez erabakita daukatela uste dutelako.
Eta hitz egin zuten bat edo bestek gogotik salatu zuten 30 urteotan Euskal Herria jasaten ari den errepresioa. Ekainak 18, asteazkenez, amaitu zen epaiketa, azken batean, epaiketa juridikoa ez baina, politikoa dena. Kiratsa, kedarra, beldurra... dira darabiltzaten tresnak, horra hitz gutxitan esan.
Zigorrak aipatzen hasita, berriz, 13 urteko espetxea (Olano, Zelarain eta Jugorentzat) eta 10 urte gainerakoentzat. Zentzudun edonor esaten ari da panorama negargarria dela justiziarena Espainian, dena hankaz gora baitabil hor. Norbera eta herria (geu) izanik demokraziaren oinarri, erabat bestela gertatzen dela Espainian:politiko/polizia/epaileak direla oinarri hori. Frogarik ez dute aurkitzen ahal, susmo hutsak edo itsuak baino ez. Ikus fiskalaren ateraldia eta hortik atera kontuak: “Uste dut epaia ez zaizuela gustatuko baina niri bai” gure jende honi zuzenduz zioen astapotro honek. Ez zait besterik irteten.
Esan gabe doa, EHAK eta ANVk ere bide bera daramatela. Hauetakoak ere barrura joan behar ote dute bada, legez kanpo uzteaz gain? Batere harrituko Batasunarekin egin dutena ikusita gero! Eta Batasuna aski ez dela herrigintzan ari zen (18/98ko) jende multzo jator hori, gainera. Hemen, agidanez, herritasun aztarna guztiak ezabatu nahi dizkigute, Lopez jauna lehendakari jarri eta hortik aurrera ikusiko zer gertatzen den.
Biolentzia egiteaz akusatzen gaituzte eta gu ito nahirik eurak egiten ari diren ankerkeriak ez dira biolentzia. Besteak beste euskal presoekin egiten ari denak ez du izenik, ene ustetan. Sakabanatu, Jainkoak dakien leku urrunetara bidali, hogeitaka urtetako kondena bete eta urteetako sari gehigarria berriro. Larriki gaixorik daudenak (12 kontatzen dira) legez etxera bidali orde, daudela bertan usteldu arte. Eta preso prebentiboen itxialdi maltzurrak, tarteko torturak latzak, multak pagatu ahal izateko, guregandik eraman ohi dituzten diru-meta lotsagabeak, eta... Hauxe da espainolen jokabidea, lehen, inperioa zen garaietan, eta orain berebat.
Etxeko bat tartean duenak (semea, biloba, alaba, koinatua...) ongi daki zer sufrimendua ekarri dion ondorioz egoera honek. Etxekoa duenak esaten dugu, baina guk geuk ere etxekotzat dauzkagu hala fede! Eta ez geroz gutxiago, gauzak ondo pentsatzen jarriz gero. Gainera, gauza bat oso gogoan hartu behar duguna: zenbat eta jende gehiago gure artetik kartzelaratu, are eta amnistiaren mugimendua zabalago eta jendetsuago bilakatuko dela. Zozokumeak ere badira! Ez al dira konturatzen amnistiaren aldeko mugimendua ez dela itzaliko gureak kartzelan ditugun arte?
Azkenik, etxera begira jarrita badirudi ezker abertzalea (marko demokratikoa, autodeterminazioa, independentzia) xahutzea dutela helburu nagusi, ezkuta dadila behin betirako garbi esanda, bai Espainiaren aldetik eta bai agintean ditugun gure politikoen aldetik. Batik bat PNV seinalatuko nuke, zeren eta urrats koxkor bat bera ere, nik dakidanez, eman ez duelako gure presoen egoeraren alde. Orain ikusiko Ibarretxeren kontsulta delakoaren ondoren. Familiak eta herritarrak ez balira...!