Usurbil aitzindari

Erabiltzailearen aurpegia Hiazinto Fernandorena 2008ko eka. 19a, 19:33

Aspaldian isil edo mutu egon eta gero, ekin diot berriz nire idazlantxoa osatzeari. Esan beharrik, hutsune horrek ez duela gogo faltarik izan nire aldetik, ezina baizik. Ospitalean egin behar izan ditut bi hilabete osoak. Oinaze min larri batek harturik, (tumore gaizto bat bizkar hezurraren barrenean), hilabete eta erdi operatzeko prestatzen eduki, operatu eta hamabost egunen burura, hirugarren hilabetean etxera, haurtzaroan bezala, oraingoan bigarren aldiz, zutik ibiltzen ikasi ondoan.

Gora-behera hauek aipatzen baditut, zutabe honen gai nagusia besterik baita, ez da inola ere nire kottak kontatzeko parada aprobetxatu nahi dudalako. Gutxiagorik ere! Besterik da arrazoia. Han, “hotelean”, egon naizen hilabete horietan eman zaidan tratua azpimarratu nahi nuke bereziki, mediku, erizain eta pertsonalarengandik jaso izan dudan tratu ezin hobea, alegia. Eskerrik beroenak luzatu nahi nizkioke oro eta bakoitzari. Haietariko bakarren batek lerro hauek irakur balitza, ez nintzateke gutxi poztuko.

Hango oroitzapen eta esatekorik aski badut, bestalde, baina bakarren bat edo beste baizik ez dut aletuko lerro hauetan. Hara, gauaren isilean gelara sartu eta “Zer moduz zaude?” galdegin, eta lo hartzeko pilula bat edo mina kentzeko morfinatxo bat ezartzen duen erizaina ez daitekeela urretan ere pagatu diot aho betean. Eta gauza bera esango dut goizean operatu, eta gauerdian telefonoa hartu eta erizainari nola aurkitzen nintzen jakiteko ardura hartu zuen medikuarengatik.

Oraingoz utz dezadan bere horretan pasatakoa eta goazen beste gabe zutabe honetako gai nagusiari heltzera, hori eta horrenbestez, Aupa Usurbil! oihukatuz, herrian sortzen den zaborraren kudeaketan lehen urratsa emateari, inguruko herri guztien artean, beronek ekin diolako. Ezin uka espa pixka batekin utzi nauela albisteak. Geroago zehaztuko dut zergatia.

Lehenik eta behin plangintza serios bat egin duela esan behar Usurbilgo herriak, heldu den udazkenean bete-betean martxan ipintzeko asmo irmoarekin. Printzipio nagusi bat erakutsi zaie usurbildar herritarrei, guretako edonork oso gogoan edukitzekoa dena. Hitz batean esanda, zaborra edo hondakinen sortzaile, bai eta halaxe da, bakoitza dela bere etxean eta ororen gainetik bakoitzaren ardura izan behar duela arazo hau bere gain hartu eta konpontzea funtsean.

Aspaldi honetan poliki ikasten edo trebatzen hasirik gaude, esaterako papera eta kristala berezi eta dagokion zabor ontzian ezartzen. Berdin plastikoa eta zakarra alde batetik, eta gai organikoa (patata azal, jateko hozituak, etab.) bestetik. Kontua zera da, azken batean, kristala eta papera birziklatzeko bidean ipiniz bezala gai organikoa deritzona ere lurrarentzat konpos deitu ongarri bihurtzea.

Eta horretan gogotik ekin dio Usurbilgo herriak bertan sor daitekeen zaborrari irtenbide egoki bat emateko plangintzari, esanez bezala, herri bakoitzak konpon dezala bere arazoa beste hainbat arazo (argia, ura...) konpontzen dituen bezalaxe.

Zaborra atez ate biltzeko zeregina hartu du bere gain, zeregin hau hiru ataletan banatu duelarik:

  • 1 Baserri eta etxe bakanak. Konpos egiteko ontzi aproposa dena emango zaio bakoitzari.
  • 2 URBIL supermerkatua eta enpresa desberdinak. Ardura dadila bakoitza bereaz.
  • 3 Hirigunea edo kaleko etxeak. Egun jakinetan atez ate jasotzeko modua egingo zaie kaletar guztiei.


Hala-hala, galdera bat datorkit burura: zer dela eta lehen pausoa Usurbilek? Zubieta auzoan erraustegia ezarriko zaien beldurrez? Ala herrian buru argi eta kemen handiko pertsona batzuek mugitu direlako? Gorago esan bezala nire esparen zergatia argitzeko bidea egingo dut jarraian.

Eta Urnieta zertan datzala esango zenuke orain? Non dira UDA, Udala, Arnasa eta oro har herritarrak? Garai batean mugidarik aski izan zen gurean, egia, erraustegiaren proiektua gure muturren aurrean gauzatzera zihoazela ikusi zenean. Ezin uka urnietar zenbaitek (Arnasak bereziki) orduan izan zuen protagonismoa, bai herri barruan bai eta inguruko herrietan, beti ere haizearen lau aldetara mezu garbi hau igorriz: ”Erraustegirik  ez Urnietan, ez eta inon, beste irtenbiderik badago eta”.

Gaurkoz horretan gera bedi zutabe hau.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!