Egutegia edo sasoiaren arabera oraindik aste batzuk falta diren arren, udaberrian gauden zantzu guztiak ditugu gurekin. Ikusi besterik ez dago barazkiak nola mugitu diren eta sahatsa edo aranondoak lore ederrez nola jantzi diren. Bestetik, gauza bat gertatu zait deigarri. Hernaniko udal kiroldegiak daukan atletismo zelaian gogotik jo duela satorrak egunotan, inguru guztia muino koxkorrez hornitu duelarik. Apisonadora pasatu dute, birritan pasatu ere, baina satorrak ongi eusten dio bere zereginari.
Apisonadora askotan pasatu dute euskal lurralde gainean zehar. Duela mila urte eta gehiago “domuit vascones” zioten behin eta berriz godoek, esanez bezala, menperatu ditugu euskaldun gozakaitz hauek, baina bai zera! Karlomagno eta frankoen bisita izan genuen gero, Erroldan deitu kapitaina buruzagi zutela. Oroit zer nolako ostikada borobila hartu zuten Orreagako gudua deitzen den hartan; Errege Katolikoek hurrena Nafarroari Erresuma izatea deuseztatu ziotelarik (Noaingo gudua); Karlista gerrak ondotxo geroago eta apisonadora erabiliz Foruak deitu gure jatorrizko legeen mozketa eman ziguten oparitzat; Franko eta 36ko gerra gure garaian, inon diren sarraski eta krudelkeria guztiekin.
Eta orain? Aznar edo Zapateroren apisonadora berriro, handiki astuna bezain makurra den apisonadora nolanahi ere. Bat banaka hauen ekintza anker ororen berri eman behar bagenu, orrialde bat ez baina, liburu mardulak beharko genituzke egin. Eta hala ere motz geratuko ginateke. Esan gabe doa demokrazia ustela baino ez dutela hitzetik hortzera ahotan erabiltzen eta euskaldunak lurperatzeko nahia, zozomikoteenak ikusteko moduan, nabarmen erakusten ari direla, Espainiaren aurrean bereziki, eta botoak eta txaloak bildu asmoz, noski. Hala ere ez gaituzte hori eta horrenbestez engainatuko. Geroz gutxiago.
Begiak zabaltzea baino ez dugu gure artetik zenbat eta zenbat atxilotu eta kartzelaratu dituzten urteotan terrorismoa aitzakiatzat hartuz eta hauetarik gehiengoak ideia jakin batzuk izateagatik, herrigintzan dihardutelako edota politika soila egitearen kondenapean. (Joxemi, Segi, 18/98...). Tortura bortitzak eta poliziaren salaketa beste bitartekorik gabe, gehienetan. Bestetik, dispertsioa eta deserriratzea guztiz ezagunak zaizkigu euskaldunoi. Oroit, besteak beste Tomas Linaza edo Endika Iztuetaren errematea (Cabo Verde). HB-ren ilegalizazioa eta alderdi honetako buruzagiak nola kartzela zulora bota dituzten.. EGIN egunkaria eta Batasunaren herri desberdinetako egoitzak itxi eta errekisatzea. Eta berdin EAE eta EHAK legez kanpo uztearena, sator lana baino uzten ez zaigularik. Frankismoaren garaietako “salbuespen egoera” delakoa eraiki dute gure gain, ahopean esan behar badugu ere. Ebroz haraindi ere, lotsa apurrik geratzen bazaie, beren demokrazia delako hori gutxienez ustelkeriatzat eman beharko lukete.
Eta iragarrita dauzkagun erasoak bestetik, hala nola Egunkaria eta beronen ardura izan zuten zazpikotearekiko mehatxua (300 miloi euro inguruko amanda eta 200 kartzela urtez goitiko kondena), segida berean Udalbiltza eta Askatasunaren epaiketa datozelarik. Satorlana diozu? Besterik gelditzen al zaigu euskaldunoi jada?
Ez, ez, esan dezagun, inoiz bada eta, euskaldunok ez gaudela etsipenak harturik eta gutxiago ere. Satorrak, burua tente, eta gauaz bederen, gogotik lan egiten du, lurpeko xomorroak garbitu eta lurra oxigenatzen. Sator lana izango da E. Herriarena ere une honetan, eta horrek estutzen eta larritzen ditu bazterrak. Begi bistan dago zer nola zabaltzen doan, ez euskal lurrean bakarrik, Europa eta munduko herrialde batzuetan berdin, euskaldunok gure independentziaren alde jokatzeagatik jasaten ari garen sufrimenduaren berri eta aldi berean etorkizunari buruzko gure oihua. Oroit, adibidez, Askapena elkarteak asteotan zehar izan dituen harreman aberatsak eta burutu dituen lotura estuak Europako alderdi ezberdinetan. Eta Kosovoz zer? Kosovok, bai, ongi berotu dizkiela belarri ondoak! Euskal Herriarekin konparatzeak ez duela inolako zentzurik esanez atera ez zaizkigu, bada, Aznar, Rubalcaba, eta beste? Eta jakina, nola onartuko zuten Kosovok Serbiari baimentxo bat bera eskatu gabe bere independentzia aldarrika zezan? Serbiak ez noski, baina, arrazoia bistan dago, Espainiak ere ez. Are gehiago. Serbiaren aldeko manifestaldian (Mitrovica) hainbat bandera espainol azaltzeak, berebat, zerbait esan nahi du.
Hau ote E. Herriaren jokabidea? Espainiari kasurik egin gabe geure burujabetza haizearen lau aldetara aldarrikatzea? Ez nuke ezetzik esango azken batean. Dena den hauteskundeen atarian gaudenez, ea Madrilera joateko aukera izan dutenak ere (PNV, EA, NABAI, EB, ARALAR), orain artean ez bezala portatzen diren eta bultzadatxo bat ematen duten gure askatasunaren alde. Iduri du Ibarretxeren asmoak bide honetatik doazela. Udaberria? Gora......!