Edonork daki, txiki-txikitandik jakin ere, ez baita geografiaren nozio askoren beharrik hego haizearen esanahia zein den jakiteko. Ebro aldetik gora, Espainia eta Afrika aldetik heldu den haize zakar beroa eta bazterrak aise lehortzen dituena dela, hitz batean esanda. Zenbait aldiz, gainera, kontu handia eskatzen digu, abiadura handiz datorrenean, etxe gaineko teila edo lorontziren batek buruko bat ematea nahi ez badugu.
Natura alde batera utzirik, beste haize mota bat aipatzera nator, hala ere. Kolpeka heldu zaigu eta atergabean aspaldi honetan, eta orain bereziki, delako hauteskunde horiek direla eta ez direla, ufada are zakarragoekin. Eta hauteskunde ondotik etorriko direnak eta iragarrita daudenak? “Esan da izan”. Hau idazten ari naizen une berean jakin dut nola atxilotu dituzten Barrena eta Urrutia. Berentzat okerrago. Hauek ere ETAkoak izango dira, ezta? Beldurrak airean dabiltza Espainia alde horretan zer egin ez dakitela eta burugabekeriarik handienak eginez. Zer beldurra dioten hemen independentziaren olatua geroz harroago heldu dela ikusten dutelarik! Bi pilotariren artean esku batetik bestera dabilen pilotaren antzera omen garabiltzatela euskaldunok entzuna dut egunotan. Ez da gaizki esana. Pilotari biak, ordea, zein baino zein txarragoak (PP/ZP), zein baino zein makurragoak edo trauskilagoak ez esateagatik. Guretzat bata txarra eta bestea txarragoa. Eta orain hirugarren bat ez zaigu bada azaldu? Eliza horra, hobekiago esanda, hierarkia edo apezpiku jendea, eta hauek ere Ebroz beheiti, eta kolpeka, hego haizearen antzera. Pluralean diot, zeren eta gutxienez bigarrena baitute hilabete gutxitan.
Lehena urriko hilabetearen azken igandean, Erroman beatifikazioak egin zirenekoan eta orain, pepito jendea bedeinkatu eta gurtzearekin, bestea.
Lehenengoaren kasuan oñatiar andere bat datorkit burura, goikoen elizaren kontraesanari erantzun bat bila ezinik Erromako S. Pedro plazan egun horretan negar malkotan zegoena. Beharrik, Donostiako Uriarte apezpikua hurbildu eta laxapen pixka bat izan zuen. Arazoa zer zen? Aita eta osaba, gerrakoan erailak izan zirenak zeuzkala andere horrek. Bata frankistek garbitua eta errepublikazaleek bestea. Bigarren hau beatifikatu eta lehena ez zen nonbait martiria, aipamentxo bat ere merezi, agidanez. Nik neuk geure buruari argi eta daukagun fede apurrari tinko eutsiz gero, zera esaten dut, dabiltzala niregatik porru-hazi klase horiek guztiak ereiten!
Eta oraingo bedeinkazioa, berriz, hortik honakoa! Urteetan aurrera goazenok ongi ohartzen gara errepublikaren kontra Frankoren altxamenduaz eta orduko espainol apezpiku jendeak hura bedeinkatu zuela ere bai, gurutzada izenez bataiaturik. Eskerrak, gurean garai hartako apezteriari (lekuko, erailak izan ziren hamaseiak gainera) eta apezpiku bati, Mateo Mujika jaunari, euskaldun kristau herriak bere gain jasan behar izan zuen erasoari aurpegi eman ahal izateko izan zuen babesa!
Espainol elizgizon ahaltsuon ezin hetsi edo nabari zaien ezinegon hau ez da oraingoa. Frankismoan zehar (eta aurrez) izan duten agintea, bildu duten itzala eta handikeria guztiak inperioaren atzapar bat bezala ageri zaizkigu, garbi esateko. Hara, adibide koxkor bat emango dut, gaur egun sobera garrantzirik ez duena baina. Badakigu Eliza bere antolamenduan probintzia desberdinetan banaturik dagoela. Zenbat ahalegin eta buruhauste ez ote da egin joandako urte luzeetan E. Herriko elizbarrutiak, oinarriz hizkuntza eta izaera bera dutenez eta ondo eta bidez pastoral aldetik planteaturik, probintzia berean biltzeko! Ez alferrik! Hirutan banaturik jarraitzen dute: Araba eta Bizkaia (Burgos), Gipuzkoa (Iruñea) eta Baiona bere aldetik. Hau ere terrorismoa nonbait.
Lotsagabea izan zen berebat aurreko hauteskundeetan Fernando Sebastian artzapezpikuaren ateraldia falangeari botoa emateari buruz. Nabarmenak ez badira gero! Besterik gertatzen zaigu, hala ere zorionez, Joan Mari Uriarte gure apezpikuaren jokabidea. Ikus S. Sebastian eguneko meza nagusian berak luzatu zigun mezua: giza eskubideak oinarritzat harturik gogor salatu zuen ETAren bidegabekeria, baina aldi berean baita ere garbi esan zuen tortura eta bermerik gabeko atxiloketak zeharo baztertu behar zirela, oro har giza eskubide multzo baten aipamena zehaztu ondoan. Jubilatu eta laster erretiroa hartzekotan omen hau Honezkero, goikoek fitxajea ongi pentsaturik daukatela esango nuke. Duela gutxi Iruñera artzapezpiku militarra ekarri duten bezala, aski dute opusdeikoren bat bere tropa eta guzti Donostiara ekartzea eta orduantxe egingo da porrusalda ederra neguko hotzari (geure fede apurrari) aurre egiteko, edota Orreagako guduaren bigarren edizioa ezagutzeko bidea, frankoen, godoen eta euskaldunon arteko gudua, alegia.