Azkenekoan zera nioen, euskaldunik gabeko herri bat egin nahi ez ote zuten espainolek gurekin, Ameriketako hainbat herrialdetan edo Kanariar uharteetan egin zuten bezala. Ez dakit bide horretatik dabiltzan zinez, baina grinarik ez zaie falta. Godo izatea odolean daramatela eta inperioaren hantustea berdin esango nuke. Martxa honetan asko fidatzerik horiekin! Bada ezpada ere geroz gutxiago nik uste. Beste zentzurik bai al du herri honek 500 urte luzeetan, eta bereziki azken aldian, daraman borroka latzak? Hauxe, nire lagun batek dioen bezala, xantxaz bada ere, “ezin bizi eta hil nahi ez” daukaguna euskaldunok!
Oraindik orain hor izan da Aznar jauna Iruñan Del Burgori babesa ematen, honek E. Herriaren historiaz eginiko liburuaren aurkezpenean, non esaten zuen Nafarroa Erresumaren arazoa ez zela konkista izan, baizik onez onean atxiki zitzaiola Espainiari, Euskal Herririk ez dela inoiz existitu eta gisa honetako kaka nahasteak erein nahian ibili direlarik. Euskaldunok behatza zupatzen gaudelakoan! Harrezkero izan da, berriro, Lizartzako herrian, espainol bandera tinko ezarri asmotan. Ez alferrik! Herritarrek ez ikusia bete-betean etxeetako pertsianak beheratuta. Beste batzuek, hau hemengo batek esaterako, badirudi E. Herria baskongadak deitu hiru probintziotara mugatzen duela (ik. DV, 08-01-19) Euskadi izenez bataiaturik eta Espainiarekin gazi-gozoan bederen aurrera egin ustetan.
Hala ere, euskara duen euskaldunik gurean zutik den artean, lanik asko izango dute herri hau irensten. Gainera, euskarak baserria utzi eta kaletar bihurtzearekin ez duela gutxi irabazi edonor konturatzen da gaur egun. Ordainez, janzkera modernoa hartu duela ere bai: ikastola, unibertsitatea, prentsa, irrati eta telebista, bulego eta langile mundua eta oro har kultura mundua batik bat. Pozgarria ez bada gero! Baina hau ere esan behar dut: hizkuntza gutxituen mailan katalana eta gailegoaren atzetik gaudela oraino eta pauso erdi bat eman beharrean, etorkizunean bizi ahal izateko derrigor ipinita dagoen langa gaindituko badugu. Dena den, ez nago batere ezkor, esperantzaren leiho bat baino gehiago baditugulako irekita.
Aipatzen hasiz gero, hona azken aldiko batzuk: “Lihuriko egunak” Bardozen (Zuberoa) hizkuntza gutxituen ordezkariek egin duten biltzarra; Euskaltzaindia eta Iparraldeko Erakunde Publikoaren artean (herri gizonak) euskararen sustapenerako sinatu duten ituna; bestetik hor dauzkagu aspaldian jo eta su gurean ahalegin guztiz lanean diharduten, soilik euskaraz, Berria, Argia (Donostia), Herria (Baiona) eta Nabarra (Iruñea), Jakin, Luma, Euskaltegiak, Kontseilua... inoiz eman ez diren urrats zintzo eta berriak emanez. Hurbilago, aldiz, hainbat herri eta eskualdetan ari diren eguneroko edo asterokoak: Hitza, Kronika, Aiurri, eta beste. Perla bitxi bat bezala aipatu nahi dut azkenik, Buruntzaldea elkartearen ekimena. Orain baino lehen eskualde honetako arrandegietan edonork ikusi eta ikasi ahal izateko moduan arrain desberdinen izenak ipini izana. Oraintsu, berriz, fruta izenak ezarri ditu bat banaka euskaraz denda guztietan. Ondoren, iragarrita dago, ogi mota desberdinen izendegia dator okindegietara. Besteak beste, nik neuk sinpatiarik handienaz ikusi dudan ekintza dela diot.
Ikusiko lehengoen bidea edo errematea (Egin, Egunkaria...) ez ote duen eramango zenbaitek. Ez litzateke batere harritzeko gauza izango, aspaldi honetako horien jokabidea ikusita.
Zer hitz jario merkea, eguna joan eguna etorri, saltzen ari diren EHAK eta EAE alderdiak legez kanpo uzteko, bizirik larrutzeko eta katez lotzeko darabilten asmoa aprobetxatuz. Proiektu makurra eta nazka-nazka egiteko moduko bonbardeoa nolanahi ere, eta bidenabar, elkarren lehian ahalik botorik gehiena berenganatu eta infernua baino leize zulo handiagora E. Herriaren burujabetza kondenatu nahirik hain itsuski dabiltzala ikustea dagokigu, nonbait. Lotsagarria ez bada gero epaileek beren ebazpena eman aurretik gobernuak edo politikoek erabakia harturik daukatela. Hori eta horrenbestez halako astakeria nabarmenak burutzen ari direla bide, gaur goizean hala zioen lagunartean batek, globoa sobera puzten ari direla, bai, eta luzaro gabe lehertu egingo zaiela. Konparaketa egokia, ezta? Lehengoak alde batera utzirik ere, zer eraso krudela jasaten ari den gure herri hau aspaldiko hilabeteotan, aurrez esperantzaz beterik eduki gaituztenaren ondoren! Engainu hutsa itxura guztien arabera Zapateroren promesa leunak. Eta bestea? Ez du merezi berau aipatzea.
Etxe barruan ere mugitu dira beste batzuk eta poztekoa da Atutxa eta konpainia zarpatik hartu dituztenean zer nolako urrats berriak ematen hasi diren, zeren hainbat hilabetetan zehar hemen izan diren epaiketa nahiz atxiloketa guztien aurrean hitz politak baino ez baitituzte izan. Poza, hitz soiletatik egiteetara pasatu direla ikustearekin, jakina.