Atzo hain zuzen (08-01-14) hala zioen GARA egunkariko idatzian Iparraldeko Ixabel Etxeberria kazetariak, euskaldunik gabeko E. Herria egitea dutela helburu zioen inolako duda-mudarik gabe, eta arrazoi puska bat ez zaio falta. Gure iparraldeaz ari zen, noski, eta gobernu frantsesari buruz, baina gauza bera esan genezake espainolari dagokionean. Gutxiagorik ez.
Hasi da, aurki zabalduko dira ate eta leiho guztiak martxoaren 9ko hauteskundeen gertaerari buruz. Gezurra eta engainua franko jasan beharrean gaude ondoko hilabeteotan! Nik neuk behintzat erabakia harturik daukat. Badakit zer egin: egunean behin informatibo bat entzun munduan zer gertatzen denaren berri jakiteko eta gainerako txolarteetan liburu bat edo beste irakurtzeko asmoa dut. Edota han eta hemen oxigeno pixka baten bila ibiliko naiz. Gaizki deritzozu? Eta egun hori datorrenean, pentsatuko dut zer jokabide hartu, baina bat edo batzuek ez dute nire botoarekin muturrik gozatuko ez eta sakela berotzen jarraituko. Nire baitan dagoen neurrian esan nahi dut, jakina. Bederen Anasagastiren bidea ez dut jarraituko, non lotsa gutxirekin esan baitu gure botoak baliagarri izan behar duela Zapaterorentzat.
Zer alde ote dago une honetan, egongo da, baina zehazki jakin nahiko nuke, Zapatero eta Rajoy bion artean? Agian nire ezjakintasuna agerian uzten dut, baina aspaldian euskaldunok jasaten ari garen eraso makurra ikusita pentsatzekoa da bion ala biok pareko ez ote diren. Euskaldunok esan dut, baina abertzaleok garela esan behar kalbarioa sufritzen ari garenak, zeren eta jende asko baitago gurean “vasco” baino euskaldun ez direnak.
Erasoa esan dut, eta ia egunero ez bada, astero behintzat badugu horrelakoren bat. Egunotan Hernaniko alkateari atxiki zaizkio. Terrorismoa goraipatu omen, iragan larunbatean Iruñako Anaitasunan EAEk burutu ekitaldian, Sarasola eta Portu gazteari eginiko torturak jendaurrean salatu zituelako. Igor Portu gaztea poliziaren atzaparretan saihets hezurra hautsi, birika zulatu eta gorputz osoa ubeldurik ospitalera eraman zutenean bertako medikuak esan zuena eta Rubalcaba ministroaren bertsioa ez dira batere gauza bera. Kasu honetan, beste askotan bezalaxe ez dago nonbait terrorismorik. Estatuaren terrorismoa preseski eta larriagoa dena, giza eskubideak aho betean aipatuz burutzen duten terrorismoa delako.
A, hori bai! Ez dakit zer nolako dokumentu multzoa harrapatu dioten hauei eta burutu dituzten ekintza nagusi horietaz aparte, armak, nik dakit zenbat zulo, etab. etab. harrapatu dizkioten. Hortik edo horien eskuetatik pasatu ez denak ez daki horko jipoi eta gezurren berri, eta hori dena hiru edo bost egunetako inkomunikazioaren baitan. Torturatuak izatea? Ni neu ez naiz batere harritzen, alderantziz baizik.
Gehiago harritzen nau gure politikoek, etxekoek alegia, bestelako terrorismo ekintzaren bat izan bazen, gauza gertatu eta bost minutu baino lehen luzatuko zutela kondenarik larriena, eta kasu honetan doi-doian eskuko hatz txikarra mugitu baino ez dutela egin. Horra guztia!
Gorago aipatu bezala I. Etxeberriaren esaldia oso deigarri gertatu zaidala esan behar dut, zeren eta joan den astean Tenerife (Kanarias) aldean ibili baikara eta hango parajeak bisitatu jendearekin egoteaz aparte, garai batean jatorriz bertako zen jendearen, guantxe deitu jendearen aztarnak arakatu nahi izan ditut. Hauei buruzko bizpahiru liburu erosi eta irakurri ere bai ordu tarteetan. Zer nolako krudelkeriak ez zituzten egin espainolek irla haiek konkistatu eta zibilizatu? zituztenean! Lurraldeak harrapatu eta hau nirea da eta hau ere bai. Bertako zirenak esklabo hartu eta egurreta bizian beren zerbitzutan ipini. Hara joan ohi zirenak nola denak gizonezkoak ziren, pentsatuko duzu emakumezkoen izaera zertara makurrarazi zuten. Eta ez hori bakarrik, diotenez, Cadiz eta Sevillako hirietara batik bat jende multzoa (haurrak barne) ekarri omen garai hartan handiko oroitzapen edo opari bezala jauntxo handikien zakur leial izateko. Hori bai, nahiz han eta nahiz penintsulan, santu baten izena eman, deitura aldatu eta bataiatu egiten omen zituzten.
Gaur egun oraintxe herriaren aztarnak aurkitu nahi dituenak, gehienbat toponimoetan aurki ditzake (herri, mendi, leku izenetan) eta zenbait deituretan. Guantxe hiztegi eta orduko historiari buruzko zenbait liburu, besterik ez daukate, hizkuntza bera ere jan baitzioten espainolek.
Hau ote da gurekin egin nahi dutena? Euskaldunik gabeko herri bat?