Ez dakit Eguberri mugituak ala bihurriak izendatu baina horrelako zerbait bezala ikusten ditut aurtengoak. Funtsean, bihurriak areago direla esango nuke. Lehenik naturari begira jarrita, egun gutxitan haizea eta olatu handiak, izotza, elurra eta... egun goxoak bestetik, denetarik izan baitugu urtemuga honetan. Gizarteari dagokionez, gauza bera. ETAren ekintzak, espainiar gobernuaren astakeriak (hilabete bakarrean 100 euskal preso inguru barrura), kondena desberdinen zurrunbiloa, mehatxu eta promesak, preso eta hauen dispertsioaren ordain samina (Junko anderea, Gasteiz), denetarik izan da atal honetan ere.
Astinaldi guztion artean, ordea, hona Eguberrien gertakizuna, bere argi berria haizearen lau aldetara hedatuz. Eguzkiak urte hondarretako itzul muga burutu du eta egunaren argiak halaber gutxi bada gutxi, gauaren kaltetan, noski, ekin dio gorabideari. Hala bada, natura, Jesusen jaiotza, Olentzero eta opariak, guztiok argiaren eskaintza geroz sakonago ezagutzeko bidea emango digutelakoan gelditzen gara.
Bestetik, opariak, jan-edanak edo kaleetako argiztapen xahuketa ez dela aurten uste bezain handia izan esango nuke, eta zenbaitek, ordainez, laguntza politak Etiopia edo Saharara bidaltzeko bidean ipini dituela ere bai. Hau ere argi berriaren ezaugarria ene ustetan.
Hala ere, gauaren alderdia aztertzen hasita, ilungune nabariak dauzkagu oraino gure gainean eta antza denez, berehalako batean uxatuko ez ditugunak, eskuak bete lan eta gehiago izango dugu eta, zalantza handirik gabe.
Zer ez dute ikusi gure begiok eta aldi berean gure belarriok entzun iragan aste edo egunetan! Hori nahaste-borrastea erabili duena espainiar epaile jende horrek! Epaiketa guztiz politikoa izan dela jarri digute inoiz bada-eta agerian oraingoan. Estrasburgotik etor lekiekeen errefusak ez ditu batere izutu, agidanez, zigorra areagotzeko bidea eman baizik. Azken batean, argi eta garbi esan behar dugu: Euskal Herriaren eskubide zibil eta politikoak zapaltzea dutela helburu. Edota bestela esanik, frankismo garaiko faxismoa dela nagusi Espainia aldean.
Bestenaz, nola liteke, bada, ez bai eta ez ez, 47 horiek batera, besteak beste, 520 urteko kondena bizkarrean ezarriz kartzela zulora botatzea? Epaileek ez dute horietako inork ETArekin ez arma ez harremanik zuenik probatu ahal izan, esaten denez. Orduan, ideiak epaitzea da kontua hemen. Nola kondena daitezke berek ETAkoak direnik ere jakin gabe? Non ikusi ote horrelako xelebrekeriarik? Espainian baizik ez, seguru aski. Miseria handiagorik!
Nik neuk ondorio bat ateratzen dut eta euskaldunon begi bistan geroz argiago jartzen ari den ondorioa da. Hitz batean esango dut. Espainiak arazo nagusi bat dauka: estatu-nazio bat dela, nazio bakarra den uste edo hantustea, eta ez duela inolako moduan bere baitan beste naziorik ikusi nahi. Urrik eman ere! Atzapar goseti luzeegiak dauzka eta horien artean harrapatu nahi gaitu euskal nortasunaren alde gabiltzan guztiok.
Euskaldunok, berebat, nazio bat garela uste dugu, ez garela ez Frantzia ez eta Espainia, Euskal Herria baizik. Hor zagok koska! Eta ez dut uste une honetan, inoiz bada eta, etsipenak harturik gabiltzanik Ikusi bestela zer nolako duintasunarekin joan diren barrura eta barruan beren burua zut mantenduz dauden Arnaldo eta HBko mahaikideak, Sabin Etxearen aurrean beren buruak katez loturik zeudela atxilotu zituzten bost gazteak, eta gainerako presoak, zer nolako sasoian mantentzen diren. Eta 47ko taldearen jokabidea, hainbat urtetako kondenaren berri jakin zutenean, epaile eta polizi jende guztiaren aurrean “Eusko Gudariak” kantuari aho batez ekin ziotenean.
Etsipenak edo desesperazioak harturik, beste horiek dabiltza, itxura guztien arabera. Eta amaitzeko, gertaera pare bat. Bata, joan den larunbatean zortzi, Etxerat taldeak Hernaniko kiroldegian antolaturik zeukan presoen aldeko ekitaldi bat, ez mitina, haur, gazte eta helduen arteko jaialdi bat. Arratsaldeko zazpietan bertara hurbildu ginenean, kaleak eta kiroldegia bera “zipaioek” harturik zeukaten. A bai? Plaza Berrira denok! Txistulari eta guzti, hango oihu, kantu eta dantza, uste gabeko jaialdia gozatu ahal izan genuen. Hori bai, berek muturra estalirik eta bazter guztietara argazkiak ateratzen zituztelarik.
Bestea, Santomas Egunekoa Errenterian. AEK Euskaltegiak antolatzen du azkeneko urte multzo honetan. Egun guztia jai giroan eta Donostiako itomenik gabe, gainera. Arratsalde erditik aurrera, musika soinua eta inon diren euskal dantzarik politenak bertako zumardian. Zer jaialdi ederra bizi izan genuen bertan! Gazte, haur, guraso eta adineko, denetarik bazen han. Ondo entrenaturiko jendea, gainera. Hura ikusita hala zioen nire lagun batek: lasai, etorkizuna gurea da eta. Gu denok jan behar bagaituzte...!