Halaxe bagina, herriaren alde baina guztiok lankide, beste kuku batek joko liguke euskaldunoi! Ni neu uste horretan nago behinik behin. Eta halaxe ikusten dut: sokatira gogorra burutu beharrean gaudela, gure E.Herri honek hegoaldetik heldu zaigun ekaitzari aurpegi eman, hortik onik atera eta bere burujabetza izan dezan nahi badugu. Eskuak bete lan badugu momentuz eta aurrerantzean berdin, noski, noizbait gure “udaberria” ikusiko badugu, eta beraz gogotik jardun beharrean gaudela irizten diot.
Beste zerbait aipatu nahi dut, hala ere, gaurkoan. Beste lankidetza bat, ETArekiko lankidetza, alegia. Akusazio horren pean, izan ere, atxilotu eta kartzelara eraman baitituzte berrogeita gehiago gure herritar, gainerakoak amorru bizitan utzi gaituelarik kasta gaiztoko jendilaje horrek. Armak harrapatu ote dizkiete, bada, ETAren zaku berean sartu ahal izateko? Hain lotsagabea da jende hau, hain nabarmenak dira, non gure arteko pertsonarik apalenak berak ere eztenkatzen ari direla esango nuke. Baina ez ote dira konturatzen luzarora berentzat kaltetan ari direla? Herria geroz erneago, burua argitzen doala eta eskuak herri lanerako trebatzen ari dela? Ikusi besterik Bilbon igande eguerdian burutu zen manifestaldira joan zen gazte jende multzoa.
Zenbat aldrebeskeria ez ote du ikusi gure arteko zozokumeenak ere epaiketa luze, bihurri eta nibirri-nabar horretan! Hamar urte luze eta horietarik bi bereziki. Politikak ez omen ikustekorik epaiketa horretan. Espainiako demokrazia dohatsu horretan nola bada horrelakorik! Sinetsiko ziotek aitonak! Auzia aski garbi dagoela uste dut jende askoren buruan. Epaileak, Garzon ez gutxien, politika edo politikoen morroiak baizik ez direla. Hona, azkenekoa! Beren abokatuek epaiaren berri izan baino lehen gobernukoek ari ziren bla-bla-bla hitza eta pitza komunikabideei aditzera ematen . Egunero, bi urtetan zehar, autobusa hartuta guztiak edo gehienak beharturik joan behar izan dute epaitegira, horrek berekin (bidaia, jatekoa, lana utzi beharra...) dakarren gastua bizkarrean dutela ibili dira joan etorrian delako makrosumario horretakoak. Epaitu aurretik zigor bat jasan dutela ezin ukatu.
Abenduaren 10ean jakingo omen epaien berri eta aurrez (hau ere ikusi behar genuen!!!) ihes egingo zuten beldurragatik diote, denak, ardiak bordara bezala, hartu dituzte. Nongo demokrazian ikusi ote da epaia eman baino lehen epaituak atxilotu eta barrura sartzea? Ez eta munduko Estaturik zoroenean ere, seguru aski. Hemen bai, ordea. Burua galduta dabiltzala diote pertsona jakitun zenbaitek. Inkisizioaren garaietako demokrazia dela esan ohi dut nik askotan, ideiak ere epaitu egiten direlako hemen.
Baina “demokraziaren ukapena” bidea edo bitartekoa baizik ez duela espainol gobernuak zioten iragan larunbatean Teresa Toda eta Mikel Kortak GARA egunkarian eta arrazoirik ez zitzaien falta ene ustetan, eta gobernu horren helburua eta jomuga besterik dela: Euskal Herriaren soberania edo askatasuna itotzea, argi eta garbi esanda.
Handik ordu asko baino lehen eraman zituen poliziak bai Mikel eta bai “gure” Teresa. Gurea diot, sortzez brasildarra izanik, E. Herrian, beste zenbait ospetsu bezala, hala nola Bergamin, Eva Forest, Alfonso Sastre... buru-belarri integraturik, gure artean eta gure arteko eginik, Urnietan bizi den emazteki fin eta estimu handikoa dugulako jotzen baitut guretzat. Egutegi moduko bat egin eta ez zaio faltako herritarron bisitarik nahiz opariren batzuk, ziegako bakardadean aringarri izango dituenak. Jakina, bisitak burutzea uzten zaigun neurrian.
Ororen buru, istorio barregarriak ere gertatu dira egunotan. Hona hemen bat. Jose Luis Elkoro aita izaki epaitua eta poliziak beronen seme Iñigo atxilotu. Joan den larunbatean, bestetik, Donostiako kalean, hiru lagun, hirurak kondena bere gain zutenak eta bakarra atxilotu. Besteak ez-ezagunak zitzaizkien, nonbait. Barregarri ez denik ere gertatu zen igandean. Soto del Real presondegira eraman zituztela eta, hainbat senide aurkeztu bai bertan, eskubide guztiarekin aurkeztu ere, baina bisitarik gabe itzuli behar izan zutela etxera.
Ekin eta jarrai, beste biderik ez zaigu gelditzen eta. Baina ez inola isil eta buru makur, barrura eraman dituzten hauen antzera jokatu nahi izanik behintzat.