Joan den astean ospatu dugu Omia Saindu edo Santu Guztien Eguna deitzen dugun jaia, eta urteko beste egunek ez bezala elizara nahiz hilerrira eragin bereziz erakartzen gaituen jaia. Hilerriak argiz eta lorerik ederrenez jantzita ikusi ahal izan ditugu, hain ederrak non nire lagun emazteki batek hala zioen, hain ederra ekarri ziotela eta beraz buruan pasatu zitzaiola iluntze berean ontzi eta guzti hilerritik etxera ekartzea ere. Loreak ez dakit baina, handik egun batzuetara lorontziak etxeratzen ikusi izan dut jendea behin baino gehiagotan. Hala ere, gorpuak errausteak oraino urte asko ez dela Elizaren debekua gainean zenean ez bezala, hainbat jendek jokabide hori hartua duenez, ez omen dute lehen bezainbat salmenta lorezainek egiten orain egun hauetan. Litekeena da.
Dena den, lore eta argirik dotoreenak merezitakoak direla uste dut, errespetuz eta maitasunez jantzirik direnak, gainera, gure aurretik joan diren aiton-amona, guraso, senide, ahaide, lagun edo ezagun eta bidelagun izandako guztiak. Santu Guzti horien artean txoko goxo bat aurkituko zutelakoan gaude, asko eta asko bizitzan zehar nekea franko jasanda joanak dira eta.
Alabaina, beste “santu” batzuk aipatu nahi ditut gaurko zutabe honetan: urriaren 28 igandean Erromako S. Pedro plazan beatifikatu dituzten martiri deitu ia 500 inguruko multzoa osatzen duten horiek. Eta esan dezadan bi gauza gertatu zaizkidala deigarri ekitaldi horretan. Bata, Aita Santua ez dela partaide edo buruzagi izan ospakizunean, eta bestea, Iruñako Artzapezpiku militar ohiaren ateraldia.
Aita Santua alde batera utzita, bigarrenaren jokabidea jorratuko dut gehienbat lerro hauetan, hurbilagotik harrapatu gaituelako, noski. Memoria edo Oroitzapen Historikoari buruzko legearen eztabaida bizi izan dugu Erromako ospakizun horren aurreko eta ondoko egunetan. Gure artzapezpikua, Iruñara etorri berria izanik ere eta aulki berrian kokatzeko astirik gabe eta zuhurtzia apur batez jokatu orde, non ateratzen zaigun haizearen lau aldetara mezua igorriz, delako lege hori ez dela batere beharrezkoa. Atzera begiratzen hastea dela hori, alferreko gauza eta inola ere komeni ez dena dela. Barkatu eta ahaztu egin behar dugula. Baita zera ere! Artzapezpikua baino areago dela astapikua zioen nire lagun batek. Eta arrazoi pixka bat duelakoan gelditu naiz.
Non eta Iruñan esango du bada hori! Ez ote zekien Nafarroan berean 3.000 lagunez goiti izan zirela frankismoaren egurpean kuneta, harrobi, hilerri eta pareta zaharren kontra fusilatuak izan zirenak? Eta milaka eta milaka familia edo senidek jasan behar izan duela 70 urtetan zehar isil gordean sufrimendurik latzena? Hainbat urteren burura, herritarren eskakizunez gainera, noizbait hortzak ezarri dizkiote auziari jauntxo politikariek, eta orain ateraldi hori? Bestetik, jakitunek diotenez, legeak berak aski epela eta eduki eskasekoa izan behar du. Konplimenduzkoa soilik.
Nik neuk, gaizki edo ongi, baina ondorio bat ateratzen dut hemendik. Alegia, Eliza, edo hobe, eliz agintari ahaltsuok erabat espainol eskuin muturrekoak direla, bai lehen bai eta orain. Ikus datu bat edo beste. Errepublika legezkoa izanik eta Estatuaren aurka jokatu zuen Frankoren altxamendua bedeinkapen klase guztiekin hartu zuela Elizak, altxamendua gurutzada izenez bataiatu zuelarik. Eta orain Errepublikak hil zituen pertsona erlijiosoak dituela soilik gogoan izan eta beatifikatu dira Erroman. Elizak orain ere boterearen alde jokatu du. Gerra batean beti alde bietan izan ohi dira eroritakoak. Frankok fusilaturiko euskal apaizak ere eliz gizonak izango ziren, bada? Baina hauek ez dira aintzat hartzekoak agidanez eta aipamentxo bat ere ez dute merezi. Beatifikazioa izan ote da benetan ala espainol inperio eskuindarraren manifestaldia beren bandera, errege eta falangearen ikurrez jantzitakoa, haizearen arabera astinduz?