Lehengo goiz batean, lagun batekin topo eta ez dakit nondik eman zigun elkar agurtzeko lehen hitzak frantsesez eman genituela, eta ondoren hala dio, hizkuntza bakarra behar litzatekeela munduan. Eta nik jarraian: bai eta espainola hain zuzen. To!, hartzak! eskuineko besoa klikatuz, izan ziren nire azken hitzak.
Nik neuk aspaldidanik daukat burua garbi arazo horretan. Hara, ikastola munduan buru-belarri sarturik nengoen garaian, duela berrogei urtez goiti, tarteka gure bilkuratxoak egin ohi genituen Rikardo Arregi zena eta biok, Karlos Santamaria eta Koldo Mitxelenarekin. Orduan ikasi genuen Euskara Europako hizkuntzarik zaharrena zela; Ikastolen eginkizun nagusia eskola eginez baina euskara lantzea zela; euskara oinarritzat harturik, beste hizkuntza bat edo beste irakastea hobe zuela Ikastolak (espainola, frantsesa edo ingelesa) matematikari sobera ordu ematen ari baino; baserria gainbehera zihoala eta euskara hirira eta kulturaren mundura erakarri behar zela, hau salbatu eta biziberrituko bagenuen, etab.
Esan gabe doa, harrezkero zer nolako eragina izan duten iritzi nagusiok nire bizitzako bidean. Ni Lazkaon nintzen orduan eta ongi oroitzen naiz Goierriko herri guztietan plantaturik genituela ikastolak, salbu Beasain eta Ordizian. Ez ziren aspertzen gure bi maisuak behin eta berriz guri esaten, ezetz, oker genbiltzala, Ataundik ez baina Beasain edo Ordiziatik saneatuko zela euskara, edo Donostia, Arrasate nahiz Iruñatik. Biak ere bizpahiru hizkuntzaren jabe ziren eta Santamariak berrogeita hamar urte izango zituen euskara ikasi zuenerako. Maisu onak ez ezik, zintzoak ere bai baziren benetan.
Hala-hala saiatu nintzen frantsesa ikasten edonon moldatzeko moduan, irakurri eta itzulpen lanetarako ere gaitasunarekin. Maila txikiagoan baina ingeles pixka bat berdin, munduan zehar ibiltzeko behar beharrezkoa dela pentsaturik eta hizkuntza desberdinen balioa onartzeko bidea eginez. Gainera zer arraio! Euskaldunok ez gara inor baino motzago, zeren eta maila batean edo bestean bi hizkuntza dakizkigulako: euskara eta frantsesa Iparraldean, euskara eta espainola Hegoaldean.
Hala ere, lehen hitza Euskal Herriaren barne, nonahi dela ere, beti euskaraz irten beharko luke gure ahotik, beti esaten dut, bai, beti, eta solaskideak euskararik ez dakien kasuan, atxiki behar zaiola erdarari. Ez bestela. Eta bidenabar geroz areago sustatu behar dugun jokabidea dela uste dut, gaur egun gure artean asko eta asko bezala, euskararik jakin gabe edo horretaz interes apur bat gabe beren buruak euskalduntzat dauzkaten horiek hankamotz direla nabarmen adierazteko jokabidea. Horrelakoak, basco izango dira edo baskongado gehienaz ere baina ez inolako moduan euskaldun.
Ez dakit konturatzen garen zer nolako altxorra dugun euskara euskaldunok esku artean. Ez ote digu ezer esan nahi euskara Europako hizkuntzarik zaharrena dela jakiteak eta benetan merezi duela berau estimurik handienaz ikasteak, zaintzeak, sustatzeak eta aberasteak?
Nik neuk gauza baten berri banuen aspaldidanik, On Jose Migel Barandiaran arkeologo eta antropologo jakitunaren ahotik ikasita, orain esatera noana eta beste arrazoi batzuen artean gure hizkuntza maitatzera gogotik sakatu nauena. Alegia, euskaldunok ez garela munduko beste lurralderen batetik (Afrika, Georgia...) etorritako jendea, baizik eta tximino edo abere izatetik, bi zangoren gainean zutitzen, adimenez janzten (homo sapiens) eta hizkuntzaz hornitzen (euskara) hemen, lurralde honetan berean, egokitu zen jendearen ondorengoak garela. Haitzuloetan aurkituriko aztarnak izan zituen lekuko gure jakitunak hori esatera ausartuko bazen, jakina.
Gaur egun jakitun gehiagorik bada munduko lehen gizakiaren aztarnak hemen, gure lurralde honetan, aurkitzen direla diotenak eta euskara bera dela beste hizkuntza multzo baten oinarri. Duela gutxi, hilabete honen bederatzian hain zuzen, hitzaldi interesgarri bat izan zen Donostian, beste asko utzi zituen bezalaxe aho zabalik utzi ninduena. Koldo Mitxelenako aretoa mukuru betea. Txaloa franko jaso zuen gure Ribero-Meneses hizlariak, aurrez gai bera jorratzen duten liburua edo liburuen aurkezpena egina zuelarik. Hala ere, nire eskuinean nuen gizonezkoak muzin itxurak egin zituen. Txalo bat ere ez. Pepitoren bat, noski. Dena den, hurrengorako utziko dugu gai hau azaltzeko zeregina.