Noizbait aipatu dut, hemen berean aipatu ere, esperantza eta beldurraren jokoan gabiltzala aspaldian euskaldunok. Irabazteko esperantza E. Herriak eta galtzeko beldurra Inperioak. Eta egia esan, horrelaxe irizten diot nik gure arazoari.
Hara, ETArekin negoziazio mahai batean jarrita tratuan ibili da PSOE azken aldian, hark armak entregatuz, borroka armatua itzali eta beste gabe bakea etorriko zelakoan. Musu truk, noski. Gisa horretako erosketa merke eta ona egingo zutelakoan ibili ote dira, bada? Itxura badu gauzak. Ongi ohartzen dira bai espainiar jaun ahaltsu horiek, eta gu geu areago, bi gauza direla, alde batetik bakea eta bestetik Euskal Herria eske eta eske ari den gure arazo politikoaren irtenbidea, bi errealitate desberdinak baitira, zalantza handirik gabe, bakea eta arazo politikoa deitu errealitate biok. Bederen orain eta gurean.
Hori eta horrenbestez, hona Ibarretxe non atera zaigun delako kontsulta hori haizearen lau aldetara igorriz. Urrats txikia benetan, ñimiñoa gure Iparraldean esan ohi den bezala, txikia baino txikiagoa alegia, baina irtenbide politikoaren haritik doana. A zer nolako hautsak harrotu eta bazterrak nahastu dituen! Ikusi eta entzun besterik Espainiaren aldetik leporatu dizkioten irain eta mehatxuak zeintzuk izan diren eta oraindik ikusteko gaudenak, gainera. Hala nola: non bizi den, burutik ez dagoela sano, demokraziaren apurrik gabeko jokabidea dela, ezezko borobila daukala oraindanik, legearen eta konstituzioaren aurkako bidea hartu duela, etab. Bada pozoia franko, hala fede, Ebroz hegoalde horretan!
Legea eta konstituzioa botatzen dizkigute hitzetik hortzera. Bada ezpada ere ez dute esaten euskaldunok geure lege edo legeak edukitzeko eskubidea dugunik eta geure konstituzioa eraikitzearen alde gabiltzanik. Hauxe litzateke autodeterminazioaren eskubidea eta... hurrengo pausoa independentzia, berriz. Ez du horrelakorik aipatu Ibarretxek kontsulta egiteko plan horretan. Beharrik, bestela inon diren trumoi eta tximista klase guztiak bere gain izango zituen. Esan duena besterik da.
Esan duena zera da, herriak berea duela bere etorkizunari buruzko hitza. Hau ez bada, zer da bada demokrazia? Agintedun, epaile eta poliziak mehatxupean eta zigorra erabiliz, askoren ustetan, euskaldunok bizkar gainean daramagun “salbuespen egoera” hori ote demokrazia? Zer ote orduan biolentzia? Eta horretan, esan behar da, biki anaiak direla PP nahiz PSOE, bien jokabideak lekuko hartzen baditugu.
Ater une bat ere ez du horien erasoak (edo demokraziak) azkeneko urte multzo honetan, Batasuna eta beronen kide diren EHAK eta EAEren kontrakoak bereziki. Zigorra zigorraren gainean: salaketa, amanda, atxiloketa, kartzela, manifestaldien debekua..., errepresioa funtsean. Ohar egunotako hogeita hiru horietaz, Otegi, Olano, Joseba eta Oihana ahaztu gabe. Zertan edo zer harrapatu diete? Armak? Norbait garbitu ote? Bilerak eta manifestaldiak egitea delitu al da? Zibilizazio eskaseko edo militarren pean bizi diren herrialdeetan bai.
Zinez, zerrenda luzea aipa genezake euskaldunok urteetan jasaten ari garen zigorra eta hitz-txokolate ongi nahasia epaile sonatuok egunero eskaintzen digutena: terrorismo, banda, pertenencia, colaboracion, entramado, cobertura, integracion, ilegalidad eta beste, eta dena, beren demokrazia horren izenean.. Espainol hiztegi berria ikasi beharrean gaude derrigor.
Hain jokabide nabarmenak eta arrazoi ustelak erabili ohi dituzte, non gure artean geroz jende gehiago ari da begiak zabaltzen eta esperantzaren jokoan sartzen. Alabaina, nik neuk behintzat, ez dut uste egun bakar batzuetan arazoa konponduko denik. Martxa honetan, zer egin behar gaituzte, atxilotu eta denok kartzelara eraman? Agian Frankoren egunetan bezala kontzentrazio esparruak-edo muntatu beharko dituzte.
Hala ere, gaur egun guardia seguru baten begia daukate gainean: Europa. Bai, Europa nahiz munduko herrialdeak geroz gehiago jabetzen ari dira espainol gobernuaren astakeriez eta euskal arazoaz. Gure esperantza ez da, beraz, barne sentipen soila.