Bai, bai. Nafarroa izan ere eguneroko ogia baitugu prentsak eta politikoek emanik azken hilabete luzeotan. Nafarroaren ezagutzaren berri emanik daukat eta berari buruzko ikuspegi historikoa ere berdin. Aipaturik daukat, bestetik, beraren ezagutzak eta bertako jendearekiko harremanak nire baitan izan duen onura eta sortu izan duen estimua ere. Eta ez gutxiagora doana.
Euskal Herriak arazo nagusi bat dauka aspaldidanik, denok dakigunez, arazo politikoa hain zuzen, bere burua euskalduntzat daukanak eta berdin euskaldun izan ala ez bere burua espainoltzat daukanak. Garbi esan behar da, hauek espainol nazionalistak izateko eskubidea badute, guk geuk ez dugula are gutxiago, gure herrian gaudenez, geure buruaren jabe izateko. Bestela esanik, euskaldunok herri aske, bere buruaren jabetza, independentzia, nortasun propioa izango duen Euskal Herri bat eraikitzearen atzetik gabiltzala orain baino lehenagotik ere. Eta esan gabe doa, hauxe dela une oro euskaldunok buru-bihotzetan eta jokabide orotan eskueran behar dugun helburu behinenetakoa. Arazo politikoa? Ez guretzat bakarrik. Horientzat ere, duda handirik gabe. Diferentzia batekin: guk irabazteko esperantza; horiek galtzeko beldurra. Eta xinpleki esanik, hauxe da gure arteko tirabira guztien zergatia.
Oztopoak? Etxetik hasita, noski. Adibide koxkor bat. Gaur goizekoa (abuztuak 23). Autoari gasolioa ematera joan naiz. Eta esan egingo dut, gainera, nora eta guzti. Hernaniko Karabele auzoko gasolindegira. Mangera eskuetan hartzearekin oharrak altabozez espainol hutsean. Esan ere esan diot bertako enplegatuari, joateko Pagozelaiko gasolindegira (Gorriti, Nafarroa) eta ikusiko duela nola euskara garbian ematen dizkion bezeroari ohar guztiak. Adibide koxkor bat esan dut, gabiltzan pauso guztietan euskaldun garela eta ez espainol adierazteko baliagarri zaiguna delakoan.
Nire ustetan adibide handiak diren horietara pasatuko naiz orain. Aipatu baizik ez gure arteko enpresari eta kostruktore prestu, inmobiliaria maltzur eta politiko trebeak alegia, negozioa beste ametsik ez eta obra handiak eta dirutan blai igerian dabiltzanak. Hauek, esan beharrik, oso ongi eta eroso sentitzen direla Espainiaren babespean eta ez duela balio hauei herriaren askatasuna eta soberania eta horrelakorik aipatzeak, inozokeriak direlakoan daude-eta. Gainera, herriaren gainetik, zuzenik ala zeharka baina, beren jokoa egiten guztiz ohiturik eta trebaturik dauden traza guztiak eskaintzen dituzte. Oroit Itoiz, Boroa, Kastejon... hurbilagokoak ez izendatzearren.
Goazen orain Nafarroara. Noizbait esanik dut Nafarroa giltzarri duela E. Herriak bere etorkizunean, baina ez guk bakarrik Inperioak ere bai, Espainiak esan nahi dut. Esan ohi den bezala markatik fuerakoa izan da oraingoa, azkeneko urte multzo handi batean gertatu ez den horietakoa. Sozialisten saldukeria eta traizioa izan dela esaten duenik ez da falta nafarren artean eta Nafarroa eman ez baina, erregalatu egin dela esaten duenik ere ez. Alderdi ezkerra direla sozialistak? Aspaldi utzi zioten ezkerreko izateari, boterearen zerbitzutan eta Suitzan eta nik al dakit non dirutzak metatzen hasi zirenez geroztik. Eta ezkerra izanik ere, espainolak direla eta Madrilen baitan daudela ezin gehiagoraino nabarmen erakutsi dute beste behin.
Hauteskunde aurreko bi hilabetetan zehar eta ondoko beste bi hilabetetan ele-melea franko erabili dute. Bazterrak nazka-nazka egiteko moduan erabili ere. Zenbat aldiz ez ote dute entzun erabakia nafarrek beren eskumenean daukatela eta inoiz bada-eta, aldaketa heldu dela oraingoan. Ez alferrik! Teatro hutsa izan den zentzazioa utzi dio nafar jende multzo handi bati. Begi bistan dago. Haize ufada ikaragarri batek astindu du alderdi sozialista bera ere. Ikusi besterik gazte eta ez gazteen bertako kideen erreakzioa zer nolakoa izan den!
Jokabide penagarria! Halaxe izan da. Herritarrei edo alderdikideei gutxienez, baimenik, arrazoi apurrik eta arazoa zertan datzan susmo izpi bat azaldu ere gabe, goitik behera, Madrilen harturiko erabakia eztarriko zulotik derrigorrean sartu die sozialista direnei eta ez direnei Nafarroan. Halako nabarmenkeria bat posible zenik burutik pasatzea ere! Alabaina, ororen buru, badu alderditxo bat ona gertaerak eta zera da: eraso gaizto bihurri honek, ondorioz, nafar asko eta asko ekar ditzakeela begiak argitzera eta burua zorroztera. Eta nafarrak ez direnak.