Historia koxkor batzuen aipamena eginez, ekin diot, aurrekoan agindu bezala, Nafarroaren ikuspegi historikoaren berri emateari. Lehenik eta behin, Beotibarko gudua gogora dakart, zeina beti ere Gipuzkoa/Nafarroa bien arteko gudua izan zela esan zaigun arren, mugako nafar eta gipuzkoar batzuen (abeltzain, jauntxo...) izan zela aski argiturik baitago gaur egun.
Hondarribiako alardea aipatzean, ez dakit Irungoaz, frantsesen aurkako gerra izan zuela oinarri esan ohi da. Erasoa Espainiaren aldetik etorri zen eta Nafarroa izan zuen, agidanez, jomuga. Eta 36ko gerra, bestetik, hurbilagoko beste historia dena eta ez hain koxkorra eta Gipuzkoari buruz bederen, Mola jenerala buruzagi, nafar erasoa izan zena, baina nafar batzuena duda-muda handirik gabe, zeren eta nafar horiek berek triskantza eta erailketa are makurragoak egin baitzituzten Nafarroan berean, ezpata nahiz gurutzearen ohoretan.
Esan gabe doa, Nafarroa jomuga duela Espainiak aspaldiko mendeetan zehar eta... gaur. Ikusi besterik azken hauteskunde xelebre hauen emaitzak eta barka! nik esan ohi dudan bezala, hemen ondoren atondu den “ganadu feria”. Alabaina, azpi-azpian Espainiaren joko zikina neurri handi batean. Nafarroa, bestela esanik, Euskal Herriren ardatza da. Lehen eta orain.
Lehen, Nafarroa, Erresuma zabal bat zenean eta Espainia bera baino lehenagoko estatua gainera, euskal lurralde osoa bere baitan zuelarik, Gaztelako koroak ez zuen onik izan Araba eta Gipuzkoako lurraldeak (1200 urtea) bereganatu arte. Zer gertatzen zitzaion? Europara bere produktuak (garia, artilea, ardoa...) igorri eta hauen salmenta egingo bazuen eta itzuleran burdinkiak eta bakailaoa garraiatu, itsasorako irtenbide bat behar zuela. Hala-hala egin zen Araba nahiz Gipuzkoaren jabe. Eta beti ere historia garaileek beren komenientziara idazten dutenez, hauek gogotik onartu omen, esaterako, ama utzi eta amaordekoa aintzat hartzea. Baita zakurraren atzeko haizea ere! Diotenez, Gasteizek bederatzi hilabeteko setioari aurpegi eman eta beste erremediorik ez-eta onartu behar izan zuen konkista hura. Gauza bera gertatu zen gero, 1333. urtean Bizkaiaren kasuan.
Hala ere, gora-behera askorekin baina Erresuma izaten jarraitu zuen Nafarroak, egungo Nafarroa eta Iparraldea bere baitan zituela, harik eta Fernando Katolikoa erregeak, dokumentu faltsuak erabiliz eta tartean Aita Santuaren bula bat, indarrez sartu eta bereganatu zuen arte. Umetako eskolan, ongi oroitzen naiz, Hª de España ikasi genuenean, hamar lerro baino gehiagorik ez zuela gertaera horren berri emateko. “Anexion de Navarra” zuen izenburutzat. Bada ezpada ere ez konkista hitza, jakina. Eta berriz ere zakurraren atzeko haizea diot. Izan ere hamabi urte luze iraun baitzuen (1512-1527 bitarte horretan) gu irentsi gintuen delako gerrak. Konkista ez bada, zer izan ote zen?
Karlista gerrak etorri ziren gero, eta horietan ere nafarrak ez ziren atzeraka ibili, ondorioz, foruak galtzea ekarri zuelarik euskal herrialde osora. Geroago, “Estatuto vasco-navarro” deitu zena eta bertako sokatira nahiz ahaleginak eta 36ko gerra, gorago aipatu dugun bezala.
Eta orain? Eta orain ere komeria franko. Esan dut Nafarroa ardatza dela, Euskal Herriaren ardatza eta euskaldunok herri bidean urrats zuzenak eman nahi baditugu oso gogoan eduki behar dugun errealitatea dela. Ez lurraldez beste denak batera baino bera bakarrik handiagoa delako, E. Herriaren oinarri eta ama, gure historian zehar bera delako baizik.
Eta hain zuzen, ardatza, ez guretzat soilik. Ongi dakite Madril aldean ere horren berri. Nafarroari eskuak libre uzten badizkie, Euskal Herriak bere burua jasotzeko modua egingo duela. Beste gabe, seme-alabak prest dauzka-eta amak. Azken batean, Espainiaren kolonia bat gara, garai batean Kuba, Venezuela eta egungo hainbat amerikar estatu izan ziren bezalaxe. Inperioaren metropoliak eta txanda tokatzen zitzaion erregeak agindu, lege eta agintariak ezartzen eta erabaki nagusiak hartzen zituenean bezalatsu.
Hor nonbait dabiltza gurekin eta paretsu biak ere PP izan ala PSOE izan, batak bestea norgehiagoka gainditu nahirik bezala, zigorra astintzeko ahaleginetan, eta... trikimailu, galga eta traba guztiak bidean ipintzeko lanetan. Kostata bada ere, noizbait arnasbide garbiago bat izango al dugu.