Aldarri hau izenburutzat harturik ekin diot gaurkoari. Nafarroa Bai nik ere, baina beste ikuspuntu batetik hartzen dut Nafarroa, niretzat hain estimu handiko den gure lurralde historiko, edo hobe, Erresuma zaharra izatearen aldetik, hain zuzen. Leitzarango autobidean Gipuzkoako muga pasatu bezain laster bi kartel handi ipini dituzte, bata erdaraz eta bestea euskaraz: Nafarroa Erresuma, Lur Anitza, eta hizkuntza desberdinetan Ongi Etorri aditzera emanez. Ez dute batere gaizki ematen, horra.
Lurraldez Gipuzkoak muga izan eta aitona nahiz birraitona aranoarrak izateaz aparte, Nafarroa alderik alde ezagutzeko zortea izan dut bizitzan zehar eta horregatik hain maitagarri egin zait hein handi batean.
Ikastola mugimenduaren barne buru-belarri sarturik, besteak beste, euskara batuaren arazoa planteatu zitzaigun serioski askori, eta ondorioz, euskalkiak landu beharra, baldin eta euskara bat eta bera egingo bazen, idatzian bereziki, gorantz abiaturik ziren gure ikastoletan. Lapurtera landu nahi, bizkaiera aurrez landurik nuen, eta firma txar batengatik pasaportea kendurik nengoenez, ezin Lapurdira joan. Euskarak frontera artifizialik ez eta Zugarramurdi aldeko baserri txoko batean egin nituen bizpahiru urtetan nire egun libreak, gerora Zuberoan egin nituen bezalaxe. Baztan Alde osoa ezagutzeko aukera eman zidan honek, ondorioz.
Gauza bera gertatu zitzaidan garai berean Euskal Udalekuak abian ipini zirenean. Beire izan zuten ia lehenbizikoen artean kokaleku, eta beraz, inguru hartako herri eta jendearen ezagutza (Olite-Erriberri, Tafalla, Uxue, Oliba...) ekarri zidan saritzat horrek. Ondoren, Antzin herrian, Ega eskualdean, finkatu zen nire ardurapeko udalekua izan zena, laurogei orduko ikastaroa (Principios del Movimiento) eta praktikak egin eta zuzendari titulua falangearen eskutik jaso ondoan. Bertan hamabi udaldi egin nituenez, esan beharrik, Lizarralde guztiaren berri ongi ikasteko modua izan nuela. Handik, Urdirotz herrixkara pasatu ginenean, berdin gertatu zen mendialdearekin (Auritz, Orreaga, Garralda, Orbaitzeta, Erronkari...).
Nafar Erribera gertatzen zitzaidan jadanik hutsune bezala. Nik neuk erle batzuk, eta halako batean dei bat telefonoz Sartaguda herritik Alfontso nire lagun batek. Hau Ibarrako semea, oraino gazte zelarik, asma deitu gaixotasuna berekin, eta eguzki aldera joan beharra izan zuen sendatuko bazen. Baita sendatu ere. Zortzi egunetan, besterik gabe. Zera zioen, bazela han almendrondo sail handia zuen gizon bat eta erle batzuk nahi zituela polinizazio lana egin zezaten.
Urteetan eduki ditugu Ebro ibaiaren bazter hartan erleak (Sartaguda, Lodosa) eta ezkai-ezti zaporetsua ekarri ere bai, noski. Emaitza bikaina da hango eztia eta berdin hango almendra eta fruta arbola sail ikusgarriena (udare, sagar, aran, gerezi eta... melokotoiena batik bat) baina niretzat pisuan jartzen hasita, besterik da egiazko emaitza, Erriberako lurraldearen eta jendearen ezagutza. Ez sobera, zoritxarrez, jendeari buruzkoa, oso desberdina baita nire ustetan nafar erriberatarra eta erdialde edo mendialdeko jendea.
Guk geuk inon baino kontu handiagoaz jokatu dugu beti hemen. Egia da gerrakoan asko sufrituriko jendea dela bertan (oroit Sartaguda, 1200 biztanle inguruko herria izanik, 90 gizonezko garbitu zituztela bertan ) eta jende ona eta irekia topatu dugula ere bai, baina hala ere, gauza harrigarria, eskuinerako joera nabari izan dugu beti hor. Zer nahi duzu esatea?
Ez zen nolanahiko poza izan guretzat Sartaguda herrian duela hemezortzi bat urte, haurtzaindegi modura baina, Ikastola polit bat martxan ipini zutenean. Ez ziren zeregin horretatik urrun ibili Alfontso nire laguna eta Marisol bere emaztea. Pausoak aurrera eginez, Ikastola berri, eroso eta ederra daukate orain lehen mailakoentzat Lodosako irteeran bi herriok. Egunotan berebat ez dira batere berri txarrak heldu handik alkate berria izendatzearen inguru sortu eta hegaldatu diren berriak.
Funtsean esan beharra dut Nafarroari buruzko nire pasadizoak kontatu baditut ez dela inolako harrokeria edo hantuste baten jabe naizelako izan, baizik eta argi eta garbi hauxe esateko: Nafarroa dela Euskal Herriaren eta euskaldun guztion ama. Bakoitzak atera bitza bere ondorioak, amarengandik jaso ditugunez, bere zainetako odolarekin batera, arnasa nahiz bizia.
Hurrengoan, Nafarroari buruzko ikuspegi historikoa lantzeko ardura hartzen dut.