Ikastola Euskal Herrian, zuhaitz ederrez hornituriko baso-oihana dugula esango luke edonork gaur egun eta ohartzen gara oraino adar iharrik baduela ere, baina oro har zuhaitz lerden bilakaturik dugu Ikastola gure herririk gehienetan. Eta esan gabe doa, itzal handiko erakundea dugula jadanik hau euskara eta herriaren etorkizunean.
EGAPE Ikastolaren berrogei urteurrena dela-eta idazlantxo bat egiteko eskea luzatu zait Aiurritik eta nola ezezkoa eman, ni neu, beste asko eta asko bezalaxe, izerdi puska bat beraren alde isuritakoa izanik? Hala ere, hasiera beretik esan behar dut oso albokoa izan zela nire partaidetza Egape Ikastolaren sorreran, aholku eta orientabide mailakoa baino ez, zeren eta ni ordurako Lazkaon bainintzen, parrokiako apaiz laguntzaile lanetan eta guraso talde batekin bertako ikastola moldatzen.
Garai hartako jendeak ongi dakigu gariaren hazia azaroan erein ondoan zer nolako egun ilunak jasan behar izaten dituen neguan landare txikiak. Egun ilunak ziren, klandestinitatean jokatu behar baitzen eta herri mailan hor nonbait, baina herri batetik bestera mugitu ahal izateko kontu handiz ibili behar zen bileretako apunte eta koadernoekin. Denborarekin, ordea, geure buruarekiko segurtasuna irabaziz, aurrera jo genuen ausarki.
Badakit gerra aurretik ikastolak izan zirela, Donostian eta Bilbon bereziki, eta herri bakan batzuetan, baina baita erremate berdina eraman zutela ere denek gerrarekin. Berrogeita hamarreko hamarkadaren azken urteetan harreman bitxia izan nuen Elbira Zipitria eta Karmele Esnal andereño biokin.Elbirak Donostiako alderdi zaharrean behin hemen eta beste behin han, etxebizitza desberdinetan, kokatu eta eskola ematen zuen. Karmelek, aldiz,
Artzai Onaren plazako etxebizitza batean. Nik neuk harra, esan ohi den bezala, nirekin neraman Goierrira joan nintzenean eta berehala ekin genion ikastola sortzeari. Gauza bera luza gabe eskualdeko beste herrietan ere. Ordurako, nik dakidanez, Andoain, Hernani eta Elgoibar herriek lehen urratsa emanik ziren eta Lazkao laugarrena orain, tarteka, hilean behin edo, elkarrekin bilerak egiten hasi ginen. Han-hemenka, jakina, gu ere.
Oztopo desberdinen artetik (lokala, andereñoa, kuotak eta ekonomia, gurasoak eta zuzendaritza), bat sortu zitzaigun nagusiki: eskola. Elbiraren pentsamoldean eta hau garaiko errealitatearen arabera zegoen, haurtzaindegi funtzioa konplitzen zuten ikastolek, eta gero, haurrak sei urte betetzearekin eskolara bidali behar, legeak hala agintzen zuenez. Hala-hala, aipaturiko lau herriok bigarren urrats bat emateko ausartzia izan genuen: Ikastolak eskola izan behar zuela esan, eta beste gabe, sei urtetik gorako eskolaren jarraipenari ekin genion.
Hartan, gogoan dut Sabina Arruarteren deia Urnietatik, lehen urratsa eman nahirik, noski. Elkarrizketa baten ondotik Elbira Zipitriarengana bideratu nuen, nire aholkuak baino haren esperientzia aberasgarriagoa izango zitzaiolakoan. Gauza bat zen, izan ere, ikastolaren antolakuntza eta beronen arazo desberdinen berri ematea nire aldetik, eta bestea, andereñogaiak derrigorreko zuela andereño heldu baten ondoan, gutxienez, hiru hilabeteko praktikak egitea eta pedagogia berriarekiko prestakuntza bereganatzea. Hala bada, Urnietako ikastolari buruzko nire harremanak Sabina anderea izan zuen lotura.
Noizbehinka jarraitzen nuen ikastola honen berri jakiten aurrerantzean ere, eta biltzen nuen informazioa gehienbat Anjel anaia zenaren bitartez izaten nuen. Beste deialdi bat ere izan nuen Urnietatik handik urte pare bat edo gehiagora.
Ikastola goraka nonbait eta lokal handiagoaren arazoa zeukaten eskuartean. Ez bat eta ez bi, non esaten didaten aita zenaren aurrean lurzoruaren gestioa egiteko pertsonarik egokiena ni neu nintzela. Alegia, Elketaldea esaten genion soro bi zituen orduan Arantzibia baserriak han, tren zubitik aurrerago eskuinera orain pabilioiak dauden horretan. Eta arazoa zer zen? Lurzoru horretan ikastola berria eraikitzea. Nire erantzuna. Delako gestio hori egiteko prest nengoela aitaren aurrean, baina ez nuela batere bidezkoa ikusten obralan hura.
Zergatiak? Asmoa zuten eta elkarrekin hitz eginik zeuden seguru aski, ikastola handi bat eraikitzea bertan Urnieta nahiz Andoaingo haurrak leku egoki bat izan zezaten. Ideia ez zen txarra, baina nik neuk eta beste batzuek garbi geneukan herri bakoitzak, bederen lehen mailan, bere ikastola behar zuela eta leku eroso batean, gainera. Elketaldean egiten bazen aipaturiko ikastola, andoaindar haurrek autobusa beharko zutela bertaratzeko eta urnietarrek ere agian, bai.
Hona, beste gabe eta xehetasun gehiagotan sartzeke, zertan izan ziren Egape Ikastolarekiko nire harreman bi nagusienak.