Joan den igandean zortzi Araba Euskaraz ospatzen zenez, Argantzun herrian izan ginen. Goizetik eguraldi zikina baina hala ere animu handiz ekin genion hango egun pasari. Zaintzaileak bagenituen, txapel okerrak, herriko sarrera desberdinetan. Demokraziaren panorama argia beste gabe han ageri zena.
Norbaitek, asta-pikuren batek agian, esan lezake: nola ez bada? Ez al dakizu Argantzun herria Trebiñu dela eta Trebiñu eskualdea Araba ez baina Burgos dela? Neuk, asta-piku honek, hala berean hauxe erantzungo nioke: eta zuk ez al dakizu Trebiñu eskualde honek Arabako partaide izan nahi eta behin edo bitan bertako biztanleek, erreferenduma bitarteko, arabar izatea erakutsi eta aditzera eman dutela eta Espainiaren aldetik (Burgos, Castilla/Leon) ukatu egiten zaiola? Beharrik, herri inguruko silo horietako eraikuntza erraldoi baten gainaldean hizki handiz ezarrita zegoen “TREBIÑU ARABA DA” zioelarik.
Aurreko egun batean demokrazia eta demokrata izatea zer eta zertan datzan euskaldunon errealitate honetan solasean arituak ginen. Horra Trebiñuko kasua adibide ederra, Euskal Herria eskala txikian hartuta ikusmiratu ahal izateko. Giza eskubideak eta eskubide zibil eta politikoak dira demokraziaren oinarriak, pertsona da funtsean oinarri eta ez estatua, polizia, epaileak edo politikoak. Hau buruan oso tinko eduki beharrekoa dugu.
Franco hil eta gero burutu ziren lehen hauteskundeetatik 30 urte iragan ondoren, trantsizio hura eredutzat harturik demokrazia eta horrelako hitz ederrez puzturik agertu zaizkigu aho asko, han eta hemen, baina gure errealitatea ez da inola ere hain eder sakonera jotzen badugu eta azken hiru urtetakoa are gutxiago. ETAren su etenarekin esperantzaz bete ziren gure barneak, hori bai, baina urrats bat bera ere ez dute aurrerantz egin, atzera baizik. Ikusi baino azken hauteskundeak horretaz jabetzeko.
Nafarroa bere buruaren jabe da eta beraren baitan dago bere etorkizunaren erabakia, oldez eta moldez entzundako mezua aspaldi honetan. Eta Rajoy eta Zapatero elkarri esku emanez adiskidetu direnez geroztik, Madrilen egin ditu PSN sozialista alderdiak bere kontsulta guztiak eta Madrilek erabaki du Nafarroaren etorkizuna, UPN eta PSNk elkarrekin egin duten txokolatearen emaitza izanik. Barcina berriro Iruñako alkate. EAE/ANV deabruak harturik balego bezala erabat errefusatu eta Nafarroa Bai ogi papur batzuen baitan utzi dute. Joko garbiagorik zer “Navarra es España” aldarrika dezaten jarraitzeko?
Gainerakoan, ezker abertzalearen ilegalizazioa eta partiduen legeaz aparte, eguneroko ogia izan dugu, atxiloketak, talde desberdinen epaiketak (18/98 bereziki), Espainiaren arrastotik ez doazen elkarte, egunkari, enpresa eta tabernak ixtea. Behatz bat bera ere ez dute mugitu, beren legea konplituz jakina, gure presoak hurbiltzeko eta gaixotasun larrikoak edo hiru laurdenak beterik dituztenak askatzeko bidean. Eta makurrena ba al dakizu zer den nire ustetan? Hemengo politikoek hauteskunde kanpaina guztian zehar ez dutela ukitu, alderatzekorik ere, gure herriaren arazo nagusia. Salbuespen koxkor bat, Ibarretxe, Madrilera bidaia egin duen egunean, esan duelarik, ETAren aurkako jokabide soila, beste gabe, lehengora jotzea dela, eta E. Herriaren eskubide historikoak, eta zehazkiago, gure presoen egoera behar direla konpondu funtsean. Jadanik eman beharreko urratsak ematen hastea da kontua.
Herrira itzuliko naiz orain, Urnietara, amaitu aurretik, gertaera bat aipatzeko, honek ere demokraziarekin ikustekorik baduelako. UDA plataformak bildu du oraingoan boto multzorik gehiena hemen eta plataforma honen buru den Mikel Izagirre bilakatu da alkate. Kargu aldaketa egin zen egunean, ekainak 16 goizean, aski jende hurbildu zen udaletxera. Berrogei bat lagunek izan zuen sarbidea areto nagusira eta hauen artean EBko bi kargudun nagusi ziren. Jendearen galdera da ea zertara etorri behar zuten egun horretan bi hauek Urnietara. EB alderdiaren lorpen edo garaipena ospatzera? Pauso baldarra jende baten ustetan. Eta are baldarragoa Mikel aurrez jakinaren gainean, ez dut uste, baldin bazen, UDA herritar plataformak atera baitu Mikel alkate.
Dena den, demokraziaren jokabide jatorra, Nafarroako Sartaguda herriak erakutsi du eta bertako alkate berriak. EAEren botoarekin, eskuak zikintzeko edo honek kutsadura gaiztorik sor dakiokeen kezkarik gabe, herriari zor zaiola aldarrikatuz alkate da bilakatu. Segida berean PSN alderdi sozialistak alderditik kanpo bota du eta berak alderdiaren gainetik daukala herriarekiko estimua esanez auziari amaiera eman dio.
Ispiluari lotsarik gabe begiratu behar omen diogu goizero, ene lagun batek esan ohi duen bezala, eta gogotik ekin egunari. Zer lema ederra eta esanguratsua aurtengo arabar ikastolen jaialdikoa! “Argantzun, euskara/herria, garenaren jostun”. Ez geldi eta ez geldo, ekintzaile baizik, herrigintza ispilu, bakoitzak bere mailan.