Hauteskunde biharamuna eta denak alai azaltzen gara jende artera, bakoitzak bere tripako mina gordez, noski. Denak ondo, oso ondo ezpainetatik kanpo, alderdi positiboari heltzen baitiogu, baina oro har ezin uka aurreko hauteskundeak ez-ezik, oraingoak ere xelebreak izan direla, lotsagarriak edo lotsagabeak ez esateagatik. Nola ez lotsagabeak? Garbi esan behar da, botoaren eskubidea ez dela gobernuarena edo agintedunena. Herritar bakoitzari zor zaion eskubidea dela, besteak beste, botoarena.
Garai batean, emakumezkoari, emakume izateagatik, ukatu egiten zitzaion eskubide hau. Gaur egun astakeria handitzat joko genuke, eta halaxe da, bidegabekeria hutsa, ezker abertzaleekiko jokabidea den bezalaxe. Guztiz pertsonala da botoaren eskubidea, esan beharrik. Milaka ezker abertzaleren botoak irentsi dituzte, horretarako tranpa klase guztiak erabiliz. Errudun balira, bat banaka pasatu beharko lukete epailearen aurretik eta arazo pertsonala denez, bakoitzari entzun eta errudun aurkituz gero, dagokion kondena eman. Edota berrehun mila pertsonarentzat kartzelarik ez eta dekretu merke bat ematea beste biderik ez ote zaie gertatu? Hau ere ikusi behar genuen! Edozer gauza espero daiteke espainol jende mota honengandik.
Halaber, etxe ataria harri mokor kankarrez beteta ikusi dut gurean ere, eta gure arteko gehienak etxe barneko epelean lasai asko, ezker abertzalea, dabilela hortxe muturrak hausten esanez bezala, kanpoan utzita. Nire lagun batek hala zioen, amerikar filma bat izan duela buruan aurreko hilabeteetan zehar espainiar agintari jendearen trikimailu zikinak ikusita, non kabo bat azaltzen omen den bere menpeko soldadu bat kalabozora zigortzen duelarik. Sargentoak hori jakitean, nola kaboaren kontra joan, bada? Ontzat ematen du. Dagoela soldadua dagoen zuloan. Kapitaina, aldiz, nola sargentoaren kontra jarri? Dagoela soldadua... Eta tenientea ere nola kapitainaren kontra? Eta...
Horrelako zerbait ikusi du nire lagun honek, agidanez, ezker abertzalea eta EAEren 133 hautes zerrenda ezabatzeko joko maltzur horretan. Lehenik polizia (ertzaina, guardia zibila, nazionala); ondoren estatuko abokatu eta epaileak; epaitegi gorena eta azkenik konstituzionala bata bestearen jarraian, denen artean ezker abertzalea komuneko zuloan behera bota dutelarik, harik eta komuna ataskatu dutela ohartu diren arte. Atzera pausorik ez hala ere.
Hauteskunde kanpaina etorri da gero, inon diren berrikuntza klase guztiak herritarrei aginduz. Hemengo kale berritzeak, autobus zerbitzu berriak, etxegintza hoberenak, eta berdin eskola, zahar egoitza, parke eta beste. Eta harrigarri gertatu zaidana, apenas batek bakarrak ere aipatu dituen gure herriak bizi dituen arazo nagusi eta orokorrak, hala nola euskara, torturaren jarraipena, gure preso eta iheslarien egoera larria, AHT eta erraustegia, eta are gutxiago gurean dagoen prozesu politikoaren kezka, marko politiko berriaren eraikuntza eta E. Herriaren etorkizuna. Aldaketa handiak agindu dituzte. Soilik itxura-aldaketa direnak, jakina. Bat bera ere ez sakonekorik. Iduri du ahal den botorik gehienak eskuratu eta sakela berotuz agintean jarraitzea beste helbururik ez dutela. Jokabide honen aurrean, harritzekoa al da herritar askoren narda eta gertatu den abstentzio maila handi bat gertatzea? Marko gesal honen baitan beren bidezko eskakizunak oihukatu duten talderik ere izan da oraingoan: sendagile eta irakasleak, sindikatu desberdinen laguntzarekin, beren greba, pankarta eta manifestaldiak burutuz.
Esan gabe doa, bidenabar, eurodiputatu multzo batek belarri tiraizo bat luzatu diela, hemengo hauteskundeon antzerki itsusiaz oharturik gure politikari ahaltsuei. Ez alferrik, noski! Baina hor dago hori ere.
Orain, ondoren, garai bateko Hernaniko ganadu ferian baino tratu klase ugariagoak ezagutzeko modua izango dugu egun asko baino lehen. Hori bai, politikarik garbienaren eta demokraziarik puruenaren izenean. Nola ez bada? Talde bakoitzak nagusitza osoa nahi eta eskainirik hoberenak izango dira feria horretan, beti ere herria aipatuz eta goraipatuz beste lau urtetan beren gogora gobernatuko badute.
AIURRI astekariaren esparrura mugatuz, Andoainen PSE atera da gailen eta UDA plataforma Urnietan. Bestetik, lehenengoan ez bezala, ontzat eman dute EAE-ANV bigarrenean. Ontzat eman ala ez, gauza batez ohartu naiz. Gauza bitxia eta aberatsa, ororen buru. Erasotzar guztia ez dela izan taldearen kaltetan. Alegia, nola “kontaminatuak” ziren elementuak galbahetik ez pasatzeko arriskua zuten, ikusi besterik, EAE-ren hautes zerrendetan zer nolako gazte jende samalda sartu den, beste talde oro espaz uzteko moduan sartu ere. Urre gorria guretako askoren ustetan.
Azken batean, bai Madrileko eta bai hemengo zenbait alderdiren aburuz ezker abertzalea behin betirako erraustu eta euskal mapatik desagertuko zelakoan ibili badira ere, eta orain begiak zabalik badituzte, ikusi ahal izango dute, eragozpen guztien gainetik, inoiz baino osasuntsuago atera dela hau delako kaka-nahaste horretatik, aurreko udal hauteskundeetan baino milaka boto gehiago jaso ahal izan ditu eta.
Udaberri euritsu eta umela aurtengoa gure lurraldean belar, lore, landare eta fruitu arbolentzat. Eguzkiarekin, ea uzta ona jasotzeko aukera ere izaten dugun luza gabe.