Gurean urtearen sasoi edo aro ederra izan ohi dena normalki, aurten iduri du neguak hartu diola gaina, nahiz eta oraino, egia, sasoi hori hasi besterik ez dugun egin. Orain arte ez dugu baratze, landare edo zuhaitz eta lore edergarri askorik ezagutu. Euria eta elurra bai, ordea.
Hauek ere, kasu honetan, ezin uka naturaren emaitza ederrak ez direnik. Izan ere arrunt kexu baikinen duela hilabete gutxi gure urtegiak agortzen ari zirela eta aurten lanik asko izatekotan ginela ezker-eskuin aireratuz. Horra, bada, orain nola elurra nahiz euria nahizu-nahizu eta bazter guztiak ase eta bete egin diren eta neurri bereziak hartzeraino asebete ere. Adibidez, Bilboko hiria edateko urez hornitzen duen Ulibarri-Ganboako urtegiak segundoko 50 mila metro kubiko hustu behar izan ditu egun bat bestearen ondotik. Elurrak itsas ertzeraino estali du euskal lurraldea eta euria ere egunetan izan dugu gainean eta grazia ederrean jausi dena bestetik.
Hemen ez dugu halako kalterik jasan, salbu eta istripu batzuk errepide zenbaitetan eta mekauen batzuk auto ilara batean denbora galdu behar izan den horietan. Nafar Erriberan nabarmenagoak izan dira kalteak, dela Lizarran, dela Kastejon edo Andosillan ibaiak gainezka egin eta urak errepideak hartu eta itxi behar izan dituztelarik, edota Tutera aldean urak hartu dituen lur eta baratze sailak ikusita. Urri izango ditugu aurten hango esparrago edo alkatxofak, edo garestiago pagatu eta jan beharrekoak behintzat.
Alabaina, udaberri honek, urak ezik, beste zerbait ere mugiarazi du hala berean. Ikusi besterik. Gauza nabaria da gure herri honetako kale eta espaloi guztiak berritu eta zabaltzeko ahalegina, nahiz eta zenbait pertsona aski kexu den, lehen, autoa uzteko leku gutxi eta orain are gutxiago utziko dutelakoan. Baina ez noa horretara. Besterik adierazi nahi nuke.
Beste susmo bat hartzen diet obra-lan hauei. Maiatzean udal hauteskundeak izango ditugula eta, botoak biltzeko modu bat ez ote den, garbi esanda. Jendearen esana edo nire irudipen soila izan daiteke eta utz dezagun horretan, zeren ondo baitakit noiznahi ere, hauteskundeen aurretik edo atzetik, beharrezko dela berritze lanak egitea.
Hari honi jarraiki, beste zertxobait ezarri nahi nioke gaiari. Herria deitu, Baionan argitara ematen den astekarian, irakurri berri dudan xehetasun baten aipamena egitea. Alegia, Baionako hirian dauden 175 karrika eta ibilbide desberdinen artean, bederatzi omen dira emazteki izena daramatenak, oraindanik hamar izango dira, Maite Barnetetxe eman diotelarik, “Errobi ibaiaren hegiko zeharbideari”.
Urnietara begira jarrita, nik dakidanez, Santa Leokadia izan ezik ez zegoen orain arte emakume izena zuenik. Lurdes Iriondo zena da jadanik plaza bat, eraiki zaion monumentuarekin batera, bere izendapenaren jabe egin dena. Txalogarria, bai izendapena eta bai eskaini zaion omenaldiko ekintza ezberdinena. Teresa Amuategi izan daiteke hurrengoa eta... gehiagorik ere bai, noski.
Kale izenen atalean, bestetik, ahalegin handia erakutsi du udalak Urnietan hainbat urtetan zehar eta zenbait toponimo edo etxeren izenak mantendu edo kontserbatzeko bidea egin da. Hala ere, oro har alde batetik bestera gainbegiratu zabal bat eman izendegi honi eta zenbait zuzenketa ezik, berrantolatze baten beharra ere badago, noizbait Jon Unanuek Aiurri astekari honetan berean aipatu izan duen bezala.
Gainerakoan, udaberria puri-purian daukagu hemengo gizarte giroari begira jarrita. Lehenik egunotan Euskal Herriko lurralde guztia, Zazpiat Bat lotura eginez bezala, iparretik hegora eta ekialdetik mendebaldera zeharkatu duen Korrika 15, eguraldi txarrari aurpegi emanez eta gau eta egun, ezordutan berdin, sekulako jende oldea mugiarazi duelarik nonahi ere. Eta azken txanpa, berriz, hortik honakoa Iruñean, E. Herriaren hiriburu nagusian, eguraldi narrasari aurpegi emanez..
Ez da korrika bakarra, ordea. Korrika gehiagorik ere bada. Ipar eta hego gainera. Iparraldean ere hauteskundeak baitituzte. Indar abertzale guztiak bat egin dute han, salbu PNB taldera bildu ez delarik. Hegoaldean, aldiz, ezker abertzalea hauteskundeetan parte hartu nahirik eta lortuko duen esperantzetan. Ikusiko. Nafarroan Sanz jauna larri, erregeari bisita egin ondoan ere, abertzale indarrak elkarrengana biltzeko ahaleginetan daudelako; Aralar-EB elkarrekin bidea urratzekotan; EA bere nortasun propioaren bila; eta PNV nagusi jarraitu nahian eta beldurrak airean, banaiz eta ez naiz pisuaren balantzan jarrita, Josu Jon Imazen betiko leloa aintzat hartuz gero bederen. Zer nahi duzue hau baino korrika gehiagorik?