Ni ez naiz politikoa, zentzu oso zabalean ez bada behintzat, eta hor herritar edonor da politiko, edota bestela esanik, “nire kantua ez da politika, justizia nahi det...” aspaldi batean gure Lurdes Iriondo zenak bere emanaldietan oihukatu ohi zuen bezala.
Martxoko hilabete honetan burutu diren zenbait manifestaldi aipatzera eta hala berean horien ondorio batzuk argitan ezartzera nator. Madrilen egin zuten manifestaldi handia (07-03-10) aski ez eta hemen datozkigu euskal lurrera, Iruñera, joan den larunbatez, Espainiako bandera eta inon diren ikur klase ezberdinak hartuta, hango bazter guztietatik (Extremadura, Asturias, Zaragoza...) pepito eta frankista guztiak. Hori ezin eramana daukatena, euskaldunok euskaldun izan nahi dugula eta beste gabe!
Sanz jauna gustura geldituko zelakoan geunden halako jendearen emana ikusita, baina bai zera, ez da batere fio, urteotan guztiotan eraiki duen eskailera gainetik erori eta berealdiko kaskarrekoa hartzeko arrisku bizitan bere burua ikusten duelarik. Nafarroa salbatzera etorri zirenengandik animatzeko oihuak entzun zituen arren, hala nola “Navarra es España”, “Solo España es nacion”, “Viva España” ,“Viva Navarra”, Todos a una contra Batasuna”, etab. eta hala ere ez da sobera fio, zeren sozialistekin bat egin nahian baitabil, indarrak bildu eta delako eskailera horien gainean zut jarraituko badu.
Arazoa zein den azpi-azpian? Euskal Herria, inolako duda-mudarik gabe. Izan ere arazo nagusia izan du E. Herria Espainiak aspaldidanik eta arazo gori-goria Francoren garaitik hasita nabarmenki. Burua larriki askatu beharrik ez dugu euskaldunok eta berek ere ez, euskal arazoa bitarteko, jausi direla espainiar agintariak hein handi batean ohartzeko, besteak beste Gonzalez, Aznar eta deskuidatzen bada, arazoa konponbidean ipini ezean, Zapatero bera eroriko da.
Ondorioz, egoera makurra eta latza etor dakigukeela berriro? Egia hori ere. Begi bistan dago arriskua. Bestetik ongi dakigu beti erresistentzian jardun behar honek zer nolako neke eta oinaze klaseak dakarzkigun. Ongi frogaturik gaude euskaldunok, azken gerrateaz aparte, ondoko urte multzo guztiotan zehar. Gure herriaren arazo politikoa daukagu euskaldunok konpondu behar gorrian, lana, etxebizitzak, euskara eta beste, bazterrera utzi gabe.
Arazo politikoa esatean, ez dakit benetan jabetzen garen horretaz zer esan nahi den. Lehenengo eta behin zera esango nuke, hogeita hamar urte daramagula euskaldunok gure marko demokratiko propioa lantzeko ahaleginetan. Eta urte guztiok ez direla, uste dut, alferreko izan, zeren eta herri honi, demokraziaren izenean inposatu zaion markoa bera agortzeraino heldu baikara. Esan nahi baita, orain arteko autonomia molde honek ematekoak eman dituela eta urrats berriak emateko garai ezin hobean aurkitzen garela.
Egunotan irakurria dut Euskal Herria ukazio eta gatazka fasetik, elkarrizketa, akordioa, konponbidea, benetako demokrazia eta bakea zabalduko dituen fase berriaren ateetan aurkitzen dela. Esan beharrik, esperantzaren ate-leihoak zabaltzen ari zaizkigula, edo hobe, zabaltzen ari garela une honetan, eta eskuak bete lan izango dugula hau guztia burutzen, beti ere noski, herritar ororen partaidetzarekin eta zeregin guztia politikoen baitan utzi gabe, hauek erraz esertzen baitira beren aulki gozoetan. Ez hain erraz altxatzen edo aulkia hozten, hala ere.
Arazo politiko honen hariari jarraiki, E. Herria nazio bat dela esan eta aldarrikatu beharrean gaude hemen, Frantziak nahiz Espainiak ongi entzuteko moduan gainera, eta Europan berebat. Nazio demokratiko libre eta bakean izatea dugula amets. Ez gaudela batere biolentziaren alde. Biolentzia gora eta biolentzia behera aitzakia ederra izan dutela goiko askok eta askok, sakela eta sabela berotzeko. Baita hori ere! Nire iritzi hutsa balitz ez litzateke ezer.
Urtebete, martxoko hilabete honetan, tartean abisu bat, su-etena iragarri zela eta esaera den bezala hitza eta pitza baizik ez dela izan hemen garbi daukagu herri mailako jendeak. Elkarrizketa eta akordioak? Ez dakit non. Epaitegietan agian. Otegik edo Ibarretxek esango digute horietatik etxera itzultzean. Herriak duela hitza? Bada garaia herriari berea duen hitza ematen hasteko. Hala ezta?