Atzo arratsaldez, larunbata, Bilboko kaleetan zehar korrika ibilita gaude. Nola ez, batzuek tiroka hasiz gero, besteek babes bila lasterrari eman behar. Nahi eta ez. Gaurkoz historia zaharrak kontatzeari utzi eta egungo gertaerak jorratzeari ekin diot, hauek ere historia direnez. Historia bizia eta kezkagarria, ene ustetan.
Lehen-lehenik, irakurle, zera esango dizut, oraino barruko sugarra erabat itzali gabe daukadala eta zutabe honetan esaldi desegokiren bat aurkitzen baduzu, ez ikusia egiteko beste gabe.
Eta goazen amorruaren atala aztertzera. Amorruaren izpi bat bidean berean sentitu genuen, Durangoko atakan. Txapel okerren kontrola, lau hankako zakur eta guzti, eta hauek ere, euriaren beldurrez-edo polizi jantziarekin. Garaiz samar ginen eta traba handirik gabe pasatu genuen hangoa, baina ordu erdi bat eta gehiago bertan egindako autobusak izan ziren jakin genuenez. Eta bere ordua pasatuta Bilbora iritsi zirenak ere bai.
Bilbora abiatu ginenerako, bagenekien Garzon epaile jaun ahaltsuaren hiru debeku gure bizkar gainean genituela. Zer egin orduan? Etxean gelditu? Horixe da errazena eta... berek nahi dutena, jakina. Itsuenak ere ikusten du terrorismoaren izenean edo babespean euskal mugimendu oro moteltzea eta ahal izanik itzaltzea dela beren nahia, horretarako giza-eskubideak (manifestaldiak esaterako) zapaldu behar badira ere. Bestetik, Madrilen eta arratsalde berean, Iñaki de Juana banderatzat harturik, antolatu zena, eta Epaitegi Gorenak erabakiaren kontra antolaturiko manifestaldia zena, ez zitzaion bada ezpada epaile jaunari sudurraren puntan debekatzerik otu? Bere baitan esanahi edo kontraesan latza daukan gertaera hauxe, bederen pentsatzeko buru pixka bat duenarentzat
Gure manifestaldiak, aldiz, mezu garbia zuen. Batetik, gure geroaren erabakia herriaren baitan dagoela (autodeterminazioa) eta presoen arazoa bestetik. Berek legeztaturik daukatena besterik ez dugu eskatzen. Azken hitza herriari zor zaiola, horra. Eta presoei buruz beren legeak, espainiar legeak dioena baizik ez: presoek etxetik ahalik hurbileneko kartzeletan egon behar dutela; hiru laurden konpliturik daudenak etxera bidali behar direla eta berdin gaixo daudenak. Norentzako dira orduan legeok? Euskaldunontzat ez behintzat, agidanez. Depresioa sentitzen zutela edo ez dakit zer ezinegon klase hirurogei eta gehiago urteko kartzela zuten batzuk aiseago libratu dituzte hala fede! Hauek ez ziren terroristak, nonbait.
Bilbora iritsi eta Aita Donostiaren plaza eta aurreko kalera jo zuen jendeak. Ordurako han zeuden ertzainak. Hamar bat furgoneta, aurrealdea ibilbidera zuzenduta, baina autobusak iritsi ahala eta jendea hauetatik jaisten zela ikusita, norabidez aldatu egin zituzten furgonetak jendearen emana oztopatzearren edo. Luzaro gabe, beste alderdian ere beste hamar bat furgoneta plantatuz eta bostehun bat metroko tarte bat utziz, kalea goitik eta behetik itxita utzi zuten, jendea ez aurrera eta ez atzera egiteko moduan harrapatuta. Azkenerako, milaka pertsona bildu ginen bertan.
Andoaingo batzuekin egon nintzen. Bi autobus etorri omen ziren. Urnietatik bat, bete gabea bazen ere. Hernanitik pentsatzen dut bizpahiru izango zirela. Lazkao, Sakana, Elizondo aldeko jendea ikusi nuen eta bizkaieraz mintzo zen asko. Adineko eta jende heldua bestetik, eta gazte eta gaztetxo jendea barra-barra. Panorama honi behatzen jarrita, eraso hau, eraso hitza erabil baledi, geratu behar duenak pentsakizun galanta daukan ustetan nago.
Erasoa beste aldetik etorri zen, hala ere. Pankarta hartuta oihuka kalean zehar aurrera abiatu ginenean, eta tiroka hartu gintuzten ertzain edo zipaio horien aldetik. Tiroak airera ez baina, ematera zuzendu zituzten, basurdeak bagina bezala. Gu atzeratxoago ginen eta ez genuen zaurituen koadroa ikusi baina ez zen txantxetakoa izan gure ihesa eta jendearen larria bera halako masa bat instante batean ahal zuenak ahal zuen zokora ezkutatu behar hartan. Alabaina, zoko guztietatik jendearen oihuak entzuteko modukoak izan ziren. Amorruz beteak. Hala nola, “PNV español”! “Zuek ere zakurrak zarete”! Etab. Ez zen gutxiagotarako.
Eta orain epelkeriaren atala. Nork agindu zien ertzainei modu hartan esku hutsik zen jende masari tiroz ekiteko? Ertzain buruak? Beste gabe jendaurrean epaitua izatera behartua legoke hau egoera normal batean. Eta kargutik botatzera. Edota Madril aldetik bata bestearen ondotik airean etorritako abisuak izan ote ziren soilik? Hala izanik, dena delarik ere epelkeria hutsa. Garai bateko gure arbaso karlistak ere nortasun gehiagoren jabe ziren, pase foral delakoa erabiliz obeditu bai baina konplitzen ez zutelarik. Eta beraz, hemengoa baldin bada tiroka ekiteko ordena eman zien agintaria, nire lagun batek zioen bezala, badaki zer egin behar duen, dimisioa aurkeztu. Lotsa apur bat izanik, behintzat.
Guk geuk ez genuen jendearen aurpegietan izua eta zauritu bat baizik ikusi. Begoñako igogailuan hau, hain zuzen. Bizkar hezurraren erdi erdian pelotazoak odoldutako gizon gaztea, disimulatzeko jertsea lepo gainetik behera tolestaturik zeramala. Gaur bere oinazeak disimulu gutxiago izango du agian, momentuko beroan baino. Eta beste batzuenak, noski.