Aurreko batean (Aiurri, 06-11-10) Mali eta Nikaraguako esperientzien aipamena eginez, eskolak, edo hezkuntzak nahi bada, ikustekorik asko baduela esaten genuen herrialde pobreen garapenean. Halatan bada, hurrengoan zezenari adarretatik heltzekotan gelditu baikinen, hona hemen zeregin horretarako prest jarririk.
Garai batean gurean ere ez zitzaion eskolari sobera garrantzirik ematen, baserri giroan batik bat. Eskola zertarako? Behin baino gehiagotan entzunak gara esaldi hori. Bestalde, ez zegoen aukera gehiegirik ere, egia. Kale umeentzat hor nonbait. Baserri lanean, izan ere, esku guztiak beharrezko gertatzen ziren. Beste mundu bat zen hura.
Hala ere, denboraren joanean garrantzia hartzen joan zen eskolaren arazoa. Pentsatzen jarrita, Urnietan bertan, gerra aurretik nahiz ondoren zer nolako onura ekarri zuen auzo horretara Xoxokako eskolak, adibidez. Esan nahi baita, lehen mailako eskola, alegia, zeren eta goi mailako ikasketak egin nahi edo egiteko posibilitatea zutenek jesuita edo marianisten ikastetxeetara jo behar izaten baitzuten, edota seminario eta horrelako etxeetara.
Gure denboran eskola pribatuak (erlijiosoen eskolak) eta nazionalak izan ziren. Gerozkoa da ikastolen mugimendua, poliki-poliki finkatzen joan dena erkidego honetan behintzat, delako eskola nazionalak irentsi eta pribatuak ere hein batean euskaldundu eta saneatu dituelarik, oraino aski lan baden arren hemen bertan eta zer esanik ez Nafarroan nahiz gure Iparraldean.
Ezin uka gaur egun Ikastolek daukaten arazo handia, haurrak oro har ez dituela euskalduntzen ahal eta ezin esan hau arazo seriosa ez denik. Ereduen arazoa dago planteaturik tartean. Eta ororen buru, hauen xede nagusitzat euskal eskola nazional propioa eraikitzea, hainbat jendek aspaldian biziki lan horretan diharduelarik.
Alabaina, gure kontsumo gizarteak helburu nagusitzat edukitzea daukan honetan, pertsonaren nor izatea ez da behar hainbat eta gutxiagorik baloratzen. Edukitzeak geroz gehiago metatzea dakar berekin, eta ondorioz, nagusikeria, eta ezinean dabilena, dabilela hortxe esatea. Nor izateak, aldiz, ikuspegia zabaltzen dio pertsonari eta inguruan nahiz munduan dauden zuloak betetzeko jokabidea hartzera sakatzen. Ikus bestenaz, misiolarien lana eta egun hainbat eta hainbat kooperanteen lana (mediku, erizain, ingeniari, irakasle...). Puntu honetan datza gurean egungo arazo larriena, eskolaren arazoa gainditurik bezala daukagu, besterik da benetako hezkuntzarena.
Gureak gure, jar gaitezen orain hirugarren edo nahi bada laugarren munduari begira eta ohar han haietako pobreziaz (gosea, osasuna, miseria, eskolarik eza...). Eta populazioaren ia erdia haurrek osatzen dutela, zeinak are larriago bihurtzen duen pobreziaren arazoa herrialde haietan.
Eskolaren arazora bilduz, pentsa munduko biztanleen hirutarik bi, milioika izugarriak kontatzen hasiz gero, eskolaren bi oinarri soilenak berak, irakurtzen eta idazten jakitea, berenganatzeko aukerarik ez eta horrek zertaraino baldintza lezakeen pertsona bere etorkizunari dagokionean (lanbidea, eguneko ogia, osasuna, etab.). Bestela esanik, bizitza osoan goseak hiltzera, eskera edo lanik makurrenak burutzera kondenaturik gertatzen direla. Eskolak eta, aipatu dugu, benetako hezkuntzak lantzen du pertsonaren nortasuna eta horiek bizitzari erantzuteko gai egiten eta gizartean txertatzeko bidea ematen. Bestela, baztertuen saldoa osatzera darama pertsona.
Toki haietako eskolaren garrantzia aipatzean Etiopia eta A. Olazaran hernaniar aita zuria datorkit burura. Bera eta hango eta hemengo arduradun ekipo batekin noski, bi mila haur umezurtzen eskola eta jatekoaren erantzukizuna duela pentsatzea ere!
Bestetik, geure begiak ikusi dutena joan den urtarrileko hilabete horretan Amazonia (Brasil) lurraldean zehar ibili garelarik, zer nolako favela eta kabana deitu etxetxoetan bizi den jendea. Gure oilategietako txabolak iduri. Baina ikustekoa zen baita ere, fededun ala ez, hango jende askoren sasoia pobreziatik irten eta besteri laguntzeko ahaleginetan zihardutenen sasoia. Amaitzeko. Beste batean jarraituko gaia. Serora edo moja gazte batzuen kasua. Hein batean teologia ikasketak egin eta ofizio edo karrera batekin (jostun, irakasle, erizain, emagin...) hiri handietako ikastetxe eta ospitaleak gobernuaren eskuetan utziz, nola ekin dioten Amazona ibai bazterreko auzo eta herrixketan hurkoari buruzko zereginari. Goiko Jaunak bedeinkatuko al ditu eskuak betean! esan ohi den bezala.