Euskal esaera zahar honek eguraldia du gogoan, edo hobe, urtearen mugan garenez, urte sasoi berriaren zantzuak adieraztera heldu zaigu. Honako beste hau, aldiz, zehazkiago ari zaigun zentzu horretan: “Eguberri, eroak igarri”. Hala bada, nik neuk mendi baten gisa irudikatzen dut urtea, eguzkiari jarraiki, bi etapa nagusitan banatzen baita. Eguberriak (egun berriak) neguko solstizioa, nahiz eta malda gora den, bizia gorantz abiatzen den puntua delako: Jesusen jaiotza, Olentzero, opariak, urte berria... dakarzkigu berekin. Eta Sanjoanak daude bestetik, udako solstizioa, malda beherako abioa dena, nire irudimenean behintzat. Jenderik gehienarentzat estimu handiagoa du honek, arrazoi askorengatik. Barazki eta fruituak ugari direlako, eguzkiaren beroa, oporrak... Ni beti ere nahiago biziaren gorantza, zer nahi duzu esatea.
Santa Lutzi eguna, jendea oldeka Zumarraga-Urretxura, bertako azokara eta egunpasa eder bat egitera, eguraldia bera halakoxea zen eta. Trena, Urnietako geltokian sartu ahal izateko ere, mukuru betea. Lehenik, abere erakusketa (zaldi eta behor, asto eta pottoka eta inon den aukerarik handiena); lur lanerako edo basorako makineria gero, eta ibilgailu mota ikusgarrienak; barazki eta fruituak nahizu-nahizu; gazta, ezti, ukendu, xaboi, sendabelar eta artisau lanik oparoenak nola Zumarragan hala Urretxun. Haur, gazte eta heldu euskal giro aparta sumatzen zen nonahi. Baserri giroko jendea izango ginen gehien bat.
Eguerdi aldera ardotxo bat elkarrekin hiru lagunok, baina harat eta honat ibili ondoan, ordubiak aldera, bazkaria gogoan, jatetxe baten bila abiatu ginen. Ez aurrenekoan baina noizbait aurkitu genuen. Batzokiko jatetxean (Zumarraga) aurkitu genuen hamar bat lagunentzat prestaturik zegoen mahaian hirurontzat jarlekua. Jateko ona eta zerbitzua ere bai. Horrelako leku batera sartuz gero, kuxkuxean ere egin behar bada, eta benetakoa izan zen nire harridura, ez nuela ohar bat bera ere (menu-karta, paper, abisu...) euskaraz aurkitu. Lokalak bai gure giroa erakusten zuen eta zerbitzuko jendea ere euskaraz mintzo zitzaigun.
Mingoztasun apur batekin irten nintzen bertatik, zeren gaur egun espero daitekeen zerbait baita euskararen presentzia nonahi ere eta nola ez batzoki batean. Eta gutxienez elebitasuna. Frankoren garaietan izan bazen ere...!
Beharrik, hurrengo egunean berean, alderantzizko sentipen baten jabe egin nintzen. Errioxara joan behar goizetik eta etxerakoan Ebro ibai bazterrean kokatzen den Lodosa herriko taberna batera sartu. Bi mutil gazte kafetxo bana hartu eta abiatzekotan. Euskal Selekzioaren kamiseta berde bana zeramaten soinean. Nik euskaraz agurtu eta haiek euskaraz erantzun. Ondoren, tabernako neskatilari ebaki bat eskatu nik eta zerbitzatu zidanean, zenbat zen ere euskaraz galdegin eta hark euro bat eta bost erantzuna euskara garbi garbian. Nongoa zen nik galdegin jarraian, Beasain aldekoa edo izango zelakoan. Eta hark: Sartagudakoa zela. Hau ere, Sartaguda, Lodosatik hegoaldera dagoen hurrengo herria, Ebro ibaiaren alboan aurkitzen den herria da. Neskatil honek 17-18 urte baino ez zituen. Duela 13 urte hasi zela herri honetan ikastola kontutan hartuz gero, euskara ikastolan ikasia izango zuela pentsatu nuen. Jendea zegoen tabernan eta ez genuen solasean jarraitu.
Ez Eguberriek bakarrik, horrelako zenbait gertaerek ere bizi poza ematen didate, bizia gorantz ikusten baitut, euskararen bizia kasu honetan. “Euskal Herrian euskaraz” askoren lema denez gurean gaur egun, nirea ere ez gutxiago, eta horrela, lehen hitza nonahi dela ere euskaraz irteten da nire ezpain artetik. Duela hilabete bat, Goierri aldera gindoazen eta bidean ardotxo bat edo hartu beharrez, sartu gara bi lagun Legorretako gasolindegiko tabernan. Bi basoerdi eskatu nituen, ardo beltza. Nire laguna haserre plantatu zitzaidan, zeren eta barraren bestaldetik zegoen neskatxa kearra baino beltzagoa baitzen, Senegal, Mali edo Afrika beltzekoa nolanahi ere. Ordaintzeko unea etorri zenean berriro nik euskaraz ea zenbat zen galdegin eta berak bat eta berrogeitamar zela esan euskara garbian. Guk geuk bezala egiten zuen euskaraz. Euskara non ikasi zuen galdegin nionean bere erantzuna zera izan zen: “Non ikasiko nuen? – Euskaltegian”. Zorionak eta esku emanez agurtu genuen neskato argi hura.
Hara zer gisatako pentsamenduak ekarri dizkidan itsuen argitzaile Lutxi Deunak azken batean begien aurrera. Hala ere, amaitzeko beste gertaera bat kontatuko dut. Joan den larunbat arratsaldean (06-12-16) Iruñeara joan ginen euskararen aldeko manifestaldia zela eta. Nola ez joan Iruñeara euskararen arazo larria aldarrikatzera eta gainera E. Herriaren ama dugun hiriburu nagusira? “Etxean gelditu eta ez zagok ezer” geure buruari esan eta aurrera. Aski jende multzo polita bildu ginen bertan. Ibilbidean zehar, aurretik nahiz atzetik, zaintzaile onak izan genituen furgoneta eta guzti baina euskararen aldeko oihu eta pausoetan jendeak ez zuen berotasun gutxi erakutsi. Nire aurrean banuen aita bat urte pare bateko mutikoa zeraman lepoan zangalatraba hartuta. Hark jo zituen oihuak! Haurrak esan nahi dut. Geroa gurea duk esanez etxeratu ginen. Amets hutsa ote? Bizia gorantz doala, ze arraio!