Zorigaiztoko bonba tzar batek eraman du azkenean. Makurrena, batere errurik gabe hilda gertatu direnen kasua izan dela tartean. Pentsatzen jarrita bizpahiru urte hildakorik gabe eta bederatzi hilabeteko su-etenaren ondotik, eta orain hau? Nondik, nola eta zergatik? galdegiten diot behin eta birritan neure buruari. Eta bakarra ikusten dut erantzuna: hemen, jendeak, etxeko nahiz kanpoko, ez duela euskaldunok dugun sakoneko arazoa konpontzeko inolako presarik erakusten. Bonba izan ala ez izan hemen gure herriaren arazoak berdin jarraitzen duela ikustea bilakatzen da bonba nagusi, eta nirea tartean, askoren iritzi.
Badakizu funtsean zer hausnartzen egoten naizen? Aitzakia ederra izan dela gurean urte luzeetan zehar ETA nahiz beronen jokabidea beste horiek eta sakela bero edukitzeko. Kondena bai, eta berehala, kondenarekin dena konponduko balitz bezala. Gero su-etena etorri eta behar diren pausoak eman orde, “hitzak ederrak eta bihotza paltso...” baina besterik ez bederatzi hilabetetan zehar. Eta orain? Kondena berriro beste denboraldi baterako. Hasi gara berriz bakea behar dugula haizearen lau aldetara oihukatzen. Bakea? Ados gaude denok horretan baina bakeak ongi dakigu justizia duela oinarri, ez egurra. Bestela esanik, E. Herriak arazo politikoa dauka oinarri-oinarrian eta ziur nago hori konpondu artean ez dugula benetako bakerik ezagutuko.
Egunotan bata bestearen ondotik zorro bateko goxokiak miazkatzen ditugun antzera liburu bat irakurtzeko parada izan dut, “Cien razones por las que deje de ser español” (J. M. Espartza, Txalaparta). E. Herriari buruzko historiaren milaka datu, gertaera eta xehetasun ematen dituen liburua da. Euskal Herriaren historia eta nortasuna maisuki jorratzen ditu autoreak ehun atal desberdinetan eta mendetan zehar gure herri honek jasan behar izan dituen zapalkuntza klase guztiak jaulkitzen bertan. Garbi dago E. Herria Espainia bera izaten hasi baino lehenagoko errealitatea dela, nahiz eta arrain handiak txikia jateko ahalegin biziak egin, bereziki bostehun urteotan (oroit 1512, Noaingo gudua), su eta gar gure lurraldea armaz konkistatu zuenez geroztik.
Alabaina gauza bat da herri baten historia eta nortasuna lehenari begira dagoena, eta bestea herri batek etorkizunari buruz bera nor izateko duen borondatea edo gogo bizia. Ekin diezaiotela bide honi eta ikusiko dugu zein den eta zenbaterainokoa gure herriaren gogoa. Irlanda datorkit une honetan burura, zentzu honetan azken pausoak ematen doan Ipar Irlanda noski. Eslovakia bestetik, isil eta zuhur independentzia lortu duen herrialde berria. Orain Eskozia abiatu omen da bide horretatik. Agidanez, egin dituzten inkesta desberdinek %52a osatzen dute independentziaren alde daudenak eta xehetasun polita beste hau: %75, orain arte askoz gutxiago zena, beren burua ingeles ez-baina eskoziar aitortzen dutenen multzoa.
Urteko balantzea egiten hasiz gero, garbi ageri da aski negatiboa izan dela guretzat aurtengoa. Hitza eta pitza ugari! Etxetik hasita lehenik, eta zenbat eta gorago agintean are eta nabariago. Izenik ez dut eman nahi, hala ere. Eta berdin Espainiaren edo espainiarren aldetik. Hitza bai, baina urrats koxkor bat edo beste ere ez, hainbat aldiz ahotan darabilgun bakearen bidea urratuz. Alderantziz baizik. Atzera pausoak esango nuke. Ez naiz kontatzen jardun baina ohar zenbat atxiloketa izan diren su-etena aldarrikatu zen udaberriko hilabete hura ezkero. Eta zenbat manifestaldiren debekua jasan dugun herritarrok hilabeteotan. Eta gure arteko zenbatek eta zenbat alditan desfilatu behar izan duen Madrilen epaile desberdinen aurretik. Zenbat giltzaperatu dituzten epe horretan. Gauza hauek oso gutxi aireratzen dira gurean ere. Koleratzeko beldurra duten edo...! Iñaki de Juanaren kasua. Beren legearen kontra gainera, ehunka preso nola dauzkaten etxetik urrun eta hurbildu beharrekoak direnak, edota kondena beterik nahiz gaixorik eta aspaldidanik etxean egon behar zutenak. Gogoan ditugun batzuk aiseago libratu dituzte depresioa sentitzen zutela eta, adibidez.
Urte berriarekin ea aipaturiko pauso baldar hauek zapuztu eta esperantzaren distira berri batzuk behatzeko egokiera izaten dugun! Urte Berri on!