Nire lagun batek hala esan ohi du, gaur egun gure gizartean akatsik handienetako bat besteri ez entzutea dela. Hain presaka bizi gara eta bakoitzak berea eginez gero, ez dugula urkoa aintzat hartzen. Axola gutxi besteak niri, nik neurea egiten badut.
Baina neuk diot, hau giza mailan gertatzen bada, areago gertatzen dela gizarte edo herri mailan. Ikusi besterik. Eta ez da presaren kontua, beste zer bihurriagoa baizik. Arazoa hobekiago uler dadin, dena den, Urnietako Autobidearen kasua dakart lerro hauetara, izan ere adibide bat begien aurrean delarik, errazagoa baita edonorentzat arazoa zein den ulertzea. Eta garbi diot, ez natorrela kakanahastera, kasu honetaz baliaturik, irizpideak argitzera baino.
Hauteskunde batzuen ondotik, herriak aukeratzen ditu ustez egokienak diren pertsonak eta agintzen jartzen. Hauek agintera heldu aurretik, promesa zenbait egin ohi dituzte. Herritarrek, neurri batean behintzat, sinestu edo ontzat ematen eta esperantza osoarekin hauen esku uzten dute herriaren kudeaketa, handik aurrera beraren jaun eta jabe balira bezala beren buruak ikusten badituzte ere. Hori da egia. Hemen eta nonahi, noski.
Eta zer gertatzen da? Herrian arazo nagusi bat sortzen denean, autobidearen kasua, ez dela aintzat hartzen herritarren nortasuna, herritarrek hein batean edo bestean erakusten duten kritikarako gaitasuna, gauza txar eta itsusia bailitzan hartzen dute goikoek hauen edozein mugida, mugida honetan ehun ala mila partaide izan, eta funtsean, herria erantzule sentitzea bera txartzat ematen dute. Zeintzuk dira, bada, hauek izan ezik, benetako demokraziaren baloreak? Besterik gabe goiko batzuen aginte eta esaneko izatea? Orain baino lehen ezagutuak gara horrelako garaiak. Lehen egurrarekin. Orain telebistaren aurrean, soldatapeko teknikariren bat edo idatziren bat etxera bidaliz, eta ororen buru, produktua itxuratik salduz, egiten da demokrazia.
Nolanahi ere herriarenganako mespretxurik ez dute erakusten, baina azpi-azpian zer da, bada, herriari ez entzutea, erantzule sentitu diren herritar horiek edo horien ordezkari izango den batzorde bat ez onartzea, horiekin, parean jarriz, eztabaida txukun bat ez izatea, horien eskakizuna zenbateraino zentzuduna den ikasten ez saiatzea...? Hauentzat, Udala nahiz Diputazioa kasu honetan, herriaren hitzak ez du deus balio, ez eta herriak aurkeztu dokumenturik osoenak edo alternatibarik egokiena balitz ere.
Gainera, hariari jarraiki, autobide alternatiboak ez dio ibilbide orokorrari eragiten, ez zaio eragozpen bilakatzen. Urnietaren eta urnietarren arazoa bada soilik, zergatik ez urnietarrei galdegin? Eta bestetik autobide alternatiboak, agidanez, ez du denboraren baitan sobera atzerapenik sortzen, eta dirutan kostu esanguratsurik.
Urnietako Udalak bizkar eman die herritarrei. Horra ulertzeko moduan esan. Urnietako kasuan epaitegietara herritarrak beren kabuz joan dira. Andoaingo kasuan, nik dakidanez, Udalak berak jo zuen epaitegietara eta horren ondorioz, herriak eskaturiko aldaketa lortu.
Askotan pentsatu ohi dut gure autobiaren antzeko, edo are, munta handiagoko arazoak han-hemenka sortzean, hala nola Boroa, Kastejon, Itoitz, eta hurbilago AHTa edo Erraustegia, kaska gogorkeria hutsa ez ote den. Ezetz esango nuke, baina ez dakit zenbateraino izan litekeen ezezko hori. Beste eragilerik badela uste dut goragotik. Gaur egun ez ote dirua ororen buru eta nagusi? Gizakiaren eta gizakiak edo erakundeek asmatu proiektu edo aurrerabide usteko guztien jaun eta jabe?
Gaur egun, esanak esan, banketxeak dira nagusi. Eta negozio gizonak, konstruktoreak, eta beste hainbat espekulatzaile trebe tartean. Azken batean, beraz, agintean dauden politikoak berak ere ez ote hein handi batean horien morroi leial bilakatzen? Eta horrela, herria? Herriak ez du fitsik balio. Diru iturriak dira hemen jorratu behar direnak!