Honezkero Aiurriko irakurle fin zaren horrek, jakingo duzu Zizurkilen 75 langile kaleratu eta Perot enpresa ixtekotan dabiltzala. Irakurriko zenuen enpresak irabaziak izan dituela azken urteetan baina hala ere multinazionalak itxi egin nahi duela. Multinazionalak galerak dituelako? Ez ez, aurreko urteetan baino gutxiago irabazi duelako. Irabazi bai, baina gutxiago, eta noski, asko-asko irabaztea da kontua. Eta honaino irakurrita, pentsa dezakegu ze gaiztoak diren multinazionalak, eta horrekin kito. Baina ez dugu Estatu Batuetara edo Alemaniara joan behar egoera honen erantzuleak topatzeko..
Zizurkilgo langileak, erreforma laboral berriari esker, lan egindako urteko 20 egun ordainduta kaleratu nahi dituzte. Eta kontuan hartu lege berritu horren arabera gehienez 12 urte hartzen direla kontuan. Kaleratzeak saldoko prezioan, alegia. Zer hobe askoz gehiago irabazi nahi duen multinazional horrentzat, bi xoxen truke hemengo langileak kaleratu eta enpresako produkzioa beste herrialdeetara eramatea baino? Baina erreforma laborala ez zuen multinazionalak onartu, ala bai?
Ondo dakizuen moduan, Partidu Popularrak onartu zuen erreforma duela urtebete. Zer helbururekin? “Lanari eustea” diote lotsa gutxirekin. Erreformarekin pozik agertu ziren bakarrak ordea, hara! Enpresariak. Eta hara! Orain jakin dugu aspaldi susmatzen genuena, enpresari hainbatek ustez milioika eurotako sobreak eman dizkiela urteetan PPko zuzendaritzari. Sobreak, zeren truke? Ez da oso azkarra izan behar erantzuna jakiteko. Baina enpresarien eta zenbait alderdiren arteko lotura hori, noski, ez da Espainiara mugatzen.
Confebask euskal enpresarien patronala orain egun gutxi agertu da politikariei legeetan malgutasun gehiago behar dela eskatuz. Alegia, langileak bi xoxen truke kaleratzea ez da nahikoa antza. Eta hara! Confebask-eko idazkari nagusia EAJko sailburu ohi bat da. Nik ez dut zalantzan jarriko Gereñu anderearen balioa, baina ez dut zalantzan jarriko ere lotura sendoak dituela Jaurlaritzarekin eta bere alderdikideekin. Eta hara! Iritzi xume hau idazten ari naizen egunean bertan zera jakin dut: Angel Acebes barne ministro ohiak 2012an hilean 27 mila euro irabazi zituela Iberdrolan. Alegia, duela 10 urte Egunkaria itxi eta torturatuak iraindu eta salatzeko mehatxua egin zuen barne ministroari “gure” Iberdrolak garai bateko 5 miloi pezeta ematen dizkiola hilean. Kutxabank-ek parte duen Iberdrola horretan. Eta nik dakidala Acebesek energiaz ez du ideiarik…
Ez dago erraza kontua. Baina behintzat ez dezagun ahantz non dagoen arazoa. Non dauden lapurrak. Eta gutxienez esan diezaiegula aurpegira: Lotsagabeak.