Aldizkari honetan idatzi nuen azken aldian, kritika zorrotza egin nien erakunde publikoetako eta alderdietako ordezkariei, oro har, erabiltzen zuten euskara politika zela eta. Motzean esanda, azkenean, beti gaztelania lehenestea leporatzen nien. Gauzak honela, bidezkoa iruditzen zait orain Gipuzkoako Aldundiak hartu duen erabakiaren inguruko nire poza agertzea, euskaldun eta euskaraz lan egiten duen kazetari moduan.
Hemendik aurrera prentsaurrekoak euskaraz emango ditu Gipuzkoako Aldundiak, soilik pasarte batzuk gaztelaniaz irakurriz. Euskaraz ez dakitenentzat itzultzaileak jarriko dituzte. Hedabide gehienetan dagoen hizkuntz politika ikusita, pentsatzekoa zen bezala, zalaparta eragin du berriak eta manipulazio hutserako erabili dute. Eta noski, euskara “askatasunean” maite duten alderdi horiek ere sutu dira, ezarri nahi dena faxismoa eta nazia dela esanez. Aldundiak egin duenak gauza bat du bereziki ona, pauso bat aurrera eman duela. Inoiz euskara ikasiko ez duen horren beldurrez egon gabe, euskaraz hitz egiteko eskubidea ozen aldarrikatu du. Prentsaurreak gehienbat euskaraz ematea (gaztelaniaz soilik dakitenei erraztasunak emanez) faxismoa bada, zer ez ote da prentsaurrea gaztelania huts hutsean egitea, dokumentazioa gaztelania hutsean ematea eta kazetariak gaztelaniaz galdetzera behartzea? Hori da hemen gaur egun oraindik sarri, oso sarri gertatzen dena. Eusko Jaurlaritzako sail ugaritako prentsaurrekoetan hori da eguneroko ogia, erakunde publiko bat izanik ere. Horretan ez dute arazorik ikusten antza. Baina alderdi horien arabera enpresei ezin zaie eskatu diru publikoz egingo den obra bat lortu nahi badute, jendearekin tratua izan behar duten arduradunetatik bik (11tik 2k) EGA eduki behar dutenik. Baina hori bai, gaztelaniaz derrigor jakin behar dute, ezta?
Okerrena da gutako asko ez garela jabetzen eguneroko zapalkuntza honetaz, ohitu garelako gutxiago izateaz, euskara gure kontuetan soilik erabiltzeaz. Aldundia bide onetik, bazen garaia!