Euskaraz, mesedez”, horra hor Euskal Herriko lau izkinetan prentsaurreko eta agerraldietara joaten diren euskarazko hedabideetako kazetariek gehien errepikatzen duten esaldietako bat. Zergatik? Prentsaurreko asko eta asko erdara hutsean egiten direlako, nahiz eta hitz egiten duena euskaldun euskalduna izan. Eta hori gutxi ez eta batzuetan horrelako erantzunak entzun behar dira: “Ez ditugu beste kazetariak aspertu nahi”. Aurten, 2012an, Bizkaiko Aldundiaren prentsaurreko batean nire lankide bati horrela erantzun diote.
Baina zoritxarrez, hori ez da alderdi edo erakunde baten ezaugarria. “Hobe ez” erantzun zion idazten ari den honi Gasteizko legebiltzarkide batek, euskaraz egiteko eskatuta. Hura ez da abertzalea, baina abertzale askoren muinetan ere sartuta dago gaztelera unibertsala dela eta euskara ikastolen aldeko jaietarako uzteko joera hori. Euskarazko medioetako kideok ederki dakigu zenbat kostatzen den zenbait pertsona euskaraz elkarrizketatzea. Gure hizkuntzaren erabilera publikoan eredugarri den ezker abertzaleko agintari askok ere erdarazko hedabideei ematen diete lehen elkarrizketa. Eta hortik kanpokoek, zer esanik ez…
Beste adibide bat. Gasteizen bertan, Eusko Jaurlaritzak kazetariekin antolatutako bilera pribatu batean, Andoni Unzalu lehendakaritzako idazkariari galdera bat euskaraz egiteagatik epelak entzun nituen, irrati publiko erdalduneko kazetari “nacionalista” baten eskutik. Nik euskaraz galdetu eta, noski, Unzaluk euskaraz erantzun zidanez, kazetari asko ez omen ziren enteratu zer erantzun zidan. Alegia, errua nirea zen, euskaraz galdetzeagatik, ez erkidego honetan ofiziala den hizkuntza ez dakiten kazetariena.
Eguneroko ogi gogorra dugu hori, eta okerrena da, ogi gogorrera ohitu garela. Baina batzuetan ogia kontrako eztarritik joaten da eta “nahikoa da” esateko unea iristen da. Euskal Herriko Unibertsitatean, EHUn, harreran eta zerbitzuetan lan egiten duten pertsonen artean euskaraz dakitenei “nirekin euskaraz egin dezakezu” moduko txartel bat jarri nahi dietela eta, sekulakoak eta bi entzun ditut gaur bertan, hizkuntza askatasunean maite omen dutenen ahotik. Jendea nazien moduan markatzea dela, hizkuntzen talibana izatea dela, gaztelania diskriminatzea… Alegia, arazoa ez da oraindik ere, 2012an, unibertsitateko harrera eta zerbitzuetan langile erdaldunak daudela, bai zera! Problema ez da euskaldunok edozer gauza eskatzera euskaraz joan eta erdaraz egiten bukatu behar dugula, non eta Euskal Herriko Unibertsitate publikoan! Kasu honen moduko irainak entzun genituen duela hilabete batzuk Gipuzkoako Aldundiak berarekin harremana euskaraz izan nahi zuten edo ez herritarrei galdetzea erabaki zuenean. Orduan bultzatzailea Bildu izanik, beste batzuk ere gehitu ziren kritika festara.
Eta horren aurrean, zer egin dezakegu? Gure esku ez dago guztia, baina bai zati bat. Dei egiten diet agerraldi publikoak egiten dituzten euskaldunei, erakundeetako harreretan daudenei… Behin bakarrik bada ere, norbaitek gazteleraz galdetzean esaiozue ez dakizuela, edo hobe agian, esaiozue “Mejor, no…” eta irribarretxo bat egin.