Urte berriarekin batera eskatu didate iritzi artikulua aiurritarrek. Egutegiari begira jarri naiz: 365 egun aurretik, momentuz zuri daudenak eta pixkanaka beteko ditugunak. Eguneroko gauzek eta gertuko harremanek beteko dituzte orri gehienak, baina hortik kanpo ere 2011k utziko digu arrastoa. Hauek nire egutegian gorriz jarri ditudanak.
Udal hauteskundeak: maiatzean izango dira herritar gehienoi gertukoenak egiten zaizkigun hauteskundeak. Argi dagoena, itxura batean, Zizurkilen alkate aldaketa izango dugula, egungoak ez duela errepikatuko irakurri berri baitugu Gipuzkoako egunkari salduenean. Txikikeria bat: ez legoke gaizki datozen lau urteetan herriak boto bidez aukeratua izatea alkate. Ezker Abertzaleak hasitako prozesuak, ETAren erantzunak…, izango dute horretan zeresanik, baina alde horretan ematen diren pausoez gain, asko dira apartheid egoeran gustura, “bertan goxo” daudenak...
Krisia: krisia iragartzen jakin ez zuten adituek orain diote 2011 giltzarria izango dela krisitik ateratzen hasteko. Gurean, urte amaierarako enplegua sortzen has gintezkeela ere badiote agintariek. Baietz ekaina baino lehen berriz iragarpenak aldatu!
Jubilazioa: Ezusterik ezean, 2011 hasieran bi urte atzeratuko digute jubilazio adina Madrilgo jauntxoek. 67 urtetan ezarriko da jubilazo adina, besteak beste, EAJren babesari esker. Hori da hori logika! Gazteen erdia langabezian dagoen bitartean, helduak 67 urtera arte lanean. Eta gure agintari leialek ez dute esan, baina, ziur bankuei dirua ematen jarraituko dutela, aberatsenei zergak ez dizkietela inola ere igoko; eta ziur, zoritxarrez, herritar gehienek isilik onartuko dutela/dugula.
AHT: Jaurlaritzaren planak betetzen badira, 2011n ikusiko ditugu Zizurkilen AHTren lanen lehen aztarnak. Herria erdiz erdi zeharkatuko du trenak, Olentzoko bidegurutzea baino lehen zubitzar bat eta Aunibarko zelaiaren parean beste bat oparituz. “Ez da herria edertuko digun lana, baina beharrezkoa da”, diote Udaletik. Ez dutena esaten da Valentzia eta Madril artean egin berri duten AVEan 80 euro ordaindu behar dela bidaia-txartela. Alegia, krisia asko sufritu ez dutenek hartuko dute AHT-a.
Korrika: Aurten Korrika urtea izango dugu. Euskaradun garela harro erakusteko igaroko zaigu Korrika eskualdetik. Euskara “askatasunean” maite duten horiek trabak jartzeko prest izango direla dirudi, baina ziur traba horien gainetik euskararen herria ikusiko dela Korrikaren 17. edizioan. Eta ziur aurten ere ez naizela Adunaraino korrika iritsiko.
Gipuzkoako bertsolari txapelketa: Udazkenarekin bat iritsiko zaigu txapelketa bete betean, baina aurrez gazteenen arteko kanporaketek berotuko dute giroa udaberri aldera. Eskualdeko gazteak proban ikusteko aukera izango da. Ea bat baino gehiago animatzen den!
2011 on guztioi!