Gure artean egonagatik ez dira gure arteko. Begi bakarrez dabiltza Euskal Herrian, bi begiak irekitzeko nagi. Baina berdin zaie. Edo are okerrago, bi begiz ikusten dugunak gutxiesten gaituzte. Erdaldun elebakar zenbaitzuren jarreraz ari naiz.
Herri honetako lehendakariak Ondarru “Euskadi profunda” dela adierazi zuen Kirmen Uriberi Espainiako narratiba saria eman ziotenean. Zer pentsa eman zidan orduan esaldi hark. Ondarru Euskadi profunda? Kostan egonik, eta Bilborako eta Donostirako erdibidean? Ez dago asko pentsatu beharrik. Argi dago zergatik esan zuen hori, Ondarru herri oso euskalduna delako. Alegia, herria oso euskalduna bada, profunda da. Ez didazue ukatuko, kiratsa darion hitza dugula hori.
Baina zoritxarrez ez da kasu bakarra. Erdaldun askoren burmuinetan oraindik ondo itsatsitako kontzeptua da euskalduna eta antzinakoa edo atzeratua lotzea. Ez dira ohartzen edo ez dute ohartu nahi eurak direla mundu bati bizkar emanda bizi direnak. Euskaldun guztiok ezagutzen dugu gazteleradunen (edo bere kasuan, frantsesen) mundua, bi hizkuntza gutxienik jakiteko zortea dugu. Eurak dira mundu oso bat galtzen ari direnak.
Esandakoaren azken adibidea joan den astean izan nuen Gasteizen. Aizpea Goenaga izendatu zuten Etxepare Euskal institutuko zuzendari. ETB-ko lankidea eta biok salbu, han zen kazetari eta argazkilari bakar batek ere, ezta batek ere, ez zekien nor zen Aizpea Goenaga. Antzezle, gidoilari, zinema zuzendari, idazle… Nola ez ezagutu Aizpea Goenaga? Erraza da erantzuna. Ia erabat euskaraz egin izan duelako lan orain arte. Eta han zirenak erdal medioetako kideak ziren. Ez dauka ez lan makala Goenaga andereak Etxepare institutuan, hain justu, euskara eta euskal kultura mundura zabaltzea izango baitu zeregin nagusi. Bien bitartean, nik nahiago Euskadi profundatik idazten segi.