Elkartu ginen lehengoan ere. Urtero bezala. Urtero bezala afaldu, kontu zaharrak eta berriak astindu eta goizeko argi printzak ikusi arte ibili ginen ostiralean Amasako festetan. Azken hamar urtetan bezala. Baina ez. Ez zen gauza bera. Ez zeundeten. Zuek falta zineten.
Bioi ezagutu zintuztedan garai berean. Futbolean edo pilotan izango dut zuen lehen oroitzapena. Edo klasean agian…, dena nahasian seguru. Mutil koxkorrak ginen orduan. Zahartzen argi garela gu ere! Baina nork ahaztu orduko oroitzapenak: Zuen bromak, zuen festarako gogoa… Biak ere batzuetan asto xamarrak zineten, baina bihotz onekoak! Manex, futbolean hik emandako ostikadaren bat gogoan diat oraindik… Garai haiek joan ziren ordea, eta guztiok egin dugu aurrera, gure bidean, ikasten edo lanean. Baina San Martinen bueltan, urtero fin-fin elkartu ohi ginen, gehienetan gainera horretaz zintzo arduratzen hintzen, Mikel.
Egun malapartatu horiek iritsi ziren arte. Gugandik urrundu zintuzteten arte. Eta orduan hasitako euria ekaitz da oraindik. Kazkabar eta tximista ugari izan da azken hilabeteotan. Ez da erraza izan, baina zer esango dizuet nik zuei… Gauza bat bai argi: Gure gogotan eta bihotzetan izan zinetela. Bi aulki huts zeuden mahaian baina guztiok ikusi genituen beteta. Bi baso huts zeuden barran baina guztiok irudikatu zintuztegun zerbeza eskuan.
Atertuko du halako baten. Eta zuekin ikusiko dugu eguna argitzen. Amasan edo Euskal Herriko edozein txokotan. Berandu baino lehen.