Nola liteke kontzertua ordu honetan jartzea? Aurten zergatik kendu dute ekitaldi hori? Ez dute ezer berririk asmatzen… Han eta hemen, hamaika txokotan entzungo dira horrelakoak datozen asteetan. Garaiotan jende genero bat asko ugaltzen baita, honako ezaugarriak dituena: Kolperik jo ez eta besteek egiten duten guztia kritikatzea.
San Juan, San Pedro, Santiago, Andramari…, festen zurrunbiloa hasi da eskualdean. Herri eta auzo, suziri hotsik eta trikiti doinurik ez da faltako bazterretan. Egunerokotasunaz ahaztu eta gozatzeko egunak izan ohi dira. Baina batzuek beste lan bat izaten dute, kritikatzea. Ezer esan aurretik guztiok kontuan izan behar genuke, festa horiek gauzatzeko zenbait jendek urte guztian egin duen lana. Eskualdeko herri gehienetan, hamaika jenderen borondatezko lanari esker soilik egin daitezke festak. Aurrekontu txikiarekin, egitarau onena eskaini nahi izaten da. Urte guztian zehar bileretara joan, dirua lortu, ekitaldiak hitzartu, behar dena prestatu, ekitaldi askotan parte hartu… Gainontzeko herritarrek festaz gozatzeko hainbatek egiten dituzten lanak dira. Isilpean sarri, esker onik gabe ia beti. Honenbestez jasangaitz egiten zait festak iritsi (edozein herri edo auzotan berdin) eta kritikatzera soilik mugatzen den jendea aurkitzea. Festa batzordeak irekiak izan ohi dira, eta antolatzaileek pozik hartu ohi dituzte ideia eta jende berriak. Errazena hori da, ezer egin ez eta egiten dutenei errua bota. Kritika beharrezkoa da, baina eraikitzailea izatekotan, laguntzeko jarrera edukiz gero. Bestela isil-isilik geratuta hobe.
Ondorioz, lerro xume hautetatik, nire eskerrik beroenak han eta hemen antolakuntza lanetan aritzen zareten guztioi. Zuek gabe, ezinezkoa litzatekeelako. Ea guztiok hartzen dugun kontuan. Festa eta uda on irakurle!