Hutsmina

Erabiltzailearen aurpegia Igotz Alkorta 2009ko mar. 31a, 18:41

Esaldi biribila irakurri nuen lehengoan: Min handiena ez digu daukagunak ematen, ez daukagunak baizik. Burukomina, tripako mina, eztarriko mina…, minarekin lotutako hitz asko jaso ditu gure hizkuntzak. Bada ezkutuagoan egon arren, sakonagoa den bat ere: Hutsmina.

Jon Martin-ek bere Ero ipuin liburuko narrazio batean kontatzen du aitona biloba batzuen istorioa.  Aitonak aspaldi galdutako bi behatzek mina ematen diotela esaten dio bilobari. Bilobak ez du ulertzen nola ez dauzkan behatzek mina eman dezaketen. Nola ezak, hutsak, mina eman dezakeen. Harik eta aitona galtzen duen arte.

Guztiok sentitu dugu noizbait hutsaren mina. Gertutasunaren arabera huts txikiagoa edo handiagoa uzten digute falta direnek. Gertukoren bat galdu berri dutenek ederki jakingo dute zer  kontatzen ari naizen. Beste modu batean, ulertuko dute diodana senitartekoren bat behartuta urrun dutenek ere. Nola egin aurre horri? Ba al da botikarik? Ziurrenik, bakoitzak jakin behar du horrekin bizitzen, bizitzan aurrera egiten. Baina Martinen narrazioko aitonak bilobari esaten dion bezala, ez pentsatu ez daudenik ikusten ez dituzulako. Joan den horren onena hartuta egin beharko genuke aurrera. Azken finean, horrela egin du aurrera gizakiak mendez mende. Udaberriak arindu ditzala zuen hutsminak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!