Egun euritsu batean ari nauk idazten. Zuenean euri askorik ez, ezta? Euskal Herrian ez diagu besterik azken hilabeteotan. 2007ko azarotik urtea igaro duk jada. Azkar hemen gaudenentzat. Motelago, pentsatzen diat, hor zaudetenontzat.
“Biona den herriak zauri berri bat dauka” ziok Amaia Zubiriaren kantuak. Urtebetean zauri zaharrak ireki eta berriak egin zaizkiok biona den herriari. Agian horregatik, iruditzen zaidak zauri horietatik ahalik eta urrunen ibiltzea dela hemen gabiltzan gehienok egiten duguna. Biziraupena deituko ziok bakarren batek, paso egitea besteren batek, errazkeria hirugarren batek. Ziurrenik denek ditek arrazoi izpiren bat. Askotan pentsatu bai, idatzi behar nuela, baina horretan geratzen zuan guztia. Gaur arte. Herrian ere ez duk urte erraza izan. Baina ez diat guztia eguraldi grisa bezala tindatu nahi. Hik eragindako xibak biraka jarraitzen dik. Zizurkilgo taldea finalean izan zuen Xiba topaketetan, eta urteroko gainontzeko ekintzek arrakasta izan ditek: Andatza eguna, Biatloia, Sega txapelketa, Zimiterioko pilota lehia… Haurrak ere hor ibiltzen dituk gurasoen laguntzaz jokoen bidez hazten eta hezten.
Eta hik? Zer berri? Marrazten, hausnartzen eta kirola egiten irudikatzen haut, hori, uzten badiate noski. Pentsatzen diat data hauek ez direla errazenak izango hor barruan. Baina zein garai da erraza lau hormen artean egoteko… Hala ere, hik erakutsita zekiat euskal egutegiaren arabera, urte berria beste egun batean hasten dela, ez?
Dena dela, Olentzerori egin zioat datorren urterako eskaera. Ikazkin zaharrak eskatutakoa betetzen badu, zain izango gaituk Zizurkilgo plazako zuhaitzaren inguruan. Bien bitartean, gure artean segiko duk, gure pentsamenduetan. Pentsatzea, inork, inoiz, ezingo digulako galarazi. Ezin delako giltzapean sartu. Besarkada bat, Mikel.
2008/12/19