Zin dagizuet beste iritzi artikulu bat idatzita nuela. Baina ezin isilik geratu entzundakoak entzunda. Irratian entzun berri dut Iñaki Galdos Eusko Alkartasunako burua, esanez ez zuketela Joxe Arregi plaza izena kenduko, izenari eustea ez dela delitu aurrez jakin bazuten.
Hitz horiek garbi uzten dute orain arte “erabaki pentsatua” bezala saldu zaiguna euren buruak badaezpada salbatzeko erabakia izan zela. Lazkano andereak Aiurrin zioen irizpide etikoak hartu dituztela aintzat. Gezurra. Izan ere, nire ustez, plaza izena kentzea txikikeria da Udalak erakutsi duen jarrera ez etikoaren aldean. Benetan irizpide etikoak aintzat hartu izan balituzte, Udalak egin beharko zukeen lehen gauza Joxe Arregiren biktima izaera onartzea zen. Joxe Arregi, inoiz justizia egin ez zaion biktima bat, bera torturaz hil zuten asko oraindik ez dira ezagutzen, eta ezagutzen direnak espetxearen ordez, ohore militarrak jasotzen dituzte, orain gutxi frogatu dugunez.
Baina garbi dago herri honetan gauza asko atzekoz aurrera egiten dela. Aiurrin bertan, Lazkanok oposizioari leporatzen zion hedabideetan agertu izana. Nik dakidala EAJ eta EAko kideak izan ziren agintari batek inoiz egin ezin duena egin zutenak: prentsan herritarrak iraindu. Zizurkil goian bizi garenoi, sektario, burges eta pribilegiatu deitu arren, ez dut barkamen hitzik edo azalpenik entzun. Ni neu sarri aritu izan naiz Udalarekin elkarlanean, ezadostasunak ezadostasun, herrian ekimen ugari antolatzen. Horrelakoak esan eta hurrengo egunean laguntza eske deitzea ordea, zail da ulertzen. Beti atzekoz aurrera.
Eta zoritxarrez, gauzak atzekoz aurrera egiten ari diren adibide da uztailaren erdia izan arren, oraindik herriko elkarteok ez dugula aurtengo diru- laguntzarik jaso, Udalak miloi askotako mailegua eskatu behar izan duela ez dakit zertan gastatu dituen diruei aurre egin ezinik, etxebizitzen eraikuntza epean ehungarrengoz atzeratu dela…
Zizurkilen badago zeregina franko. Baina horretarako herritik eta herrirako lan egiten hasi behar da. Agian lehenik, ez legoke gaizki Udal hauteskundeen emaitzak onartu eta euren zergatia aztertzea. Bestela atzekoz aurrera jarraituko dugu. Eta badakizue, atzekoz aurrera idatzita ispiluan ondo irakur daiteke, baina errealitatean, beti atzekoz aurrera.
Hurrengoan bestelako kontuak esan ahalko ditugun esperantzaz, uda on igaro irakurle!
2008ko uztailaren 18a