Ez dut isiltasunean sinesten. Ez baitu ezer ziurtatzen. Isiltzen dena ahaztu egin baitaiteke. Eta ahazten dena, galdu. Oroimenean sinesten dut nik, guztion oroimenean, hori baita berriz ez gertatzeko bermea, hil zirenei omen egiteko bidea. Orain gutxi amonarekin izandako elkarrizketa batean, harrituta geratu naiz gerra garaian Zizurkilen hil zituztenak zenbatu zituenean. Fusilatu, errefuxiatu eta gudan hildakoen kopuru latzak sufritu zituen Zizurkilek ere. Aunibar eta Tedosionean bizi ziren bi gizon fusilatu zituzten. Elbarrenan bertan, herritik alde egin zuten aita-alabak bonbardaketa batean hil ziren, eta noski, aurrez aurreko borrokan hildakoak hamaika. Gudara derrigortuta eramanak, gehienetan non, zergatik edo zeren alde borrokan ari ziren jakin gabe hil ziren. Baserri ugaritan izan zuten heriotzaren samina: Odolkibar, Astabera, Olentzo, Berastegi, Miranda, Makura, Luzoia, Bikatxe Zar eta Kamion bizi ziren hildako gizasemeak. Zubiberritxo baserrian berriz, baten faltan bi anaia betirako desagertu ziren, arrastorik gabe. Gerra izugarria zela jakin arren, gertuan hainbeste heriotza ekarri zituela jakiteak harritu nau. Harritu nau kontua hain isilean egoteak. Garaileek ezarritako isiltasunak gaur arte iraun duela esan daiteke. Horregatik txalogarriak dira garai hura azalera ateratzea helburu duten ekimenak, Andoainen Xabier Lasak egin berri duen liburua esaterako. Azken mendean herri honek pairatu duen tragedia handiena estali nahi duten hainbat “demokratei” aurre egiteko modu zuzenena da, gainera. Bizitza, bakea eta askatasuna galdu zuten haiei zor diegu. Baina batez ere, guregatik egin behar dugu. Ez dadila ahaztu, ez dadin errepikatu.