Berak ez du ulertzen. Lege kontuetan aditua izan arren ez du ulertzen gizalegea zer den. Hitz horrek ez baitu erdarara itzulpenik. Eta berak ez daki euskaraz. Zizurkilgo udaletxeko abokatua izan arren, ez daki euskaraz. Baina ez da ezer pasatzen. Denek dakigu gazteleraz, zergatik haserretu? Gertuko arazo batengatik, alkate anderea, mendiko teknikaria eta udaletxeko abokatuarekin bilera bat izan nuen. Legez oso jakituna izango da abokatua, guri egindako kaltea ez ordaintzeko legea aurkitzen asmatu zuen behintzat. Gizalegearen arrastorik ez ordea. Lehen esan bezala, Zizurkilgo udaletxeko abokatuak ez baitaki euskaraz. Eta noski, guk bilera erdaraz egin behar. Nonbait ez dago legerik zizurkildar guztion kontura soldata irabazten duen abokatuak euskaraz jakin behar duela dioenik. XXI. mendean oraindik horrela gabiltza. Alferrik da euskararen aldeko planak eta bestelakoak egitea, gero udaletxean bertan erdaraz egitera behartzen zaituztenean. Alferrik da herria euskaldundu behar dela esatea, eredu behar duen administrazioan pausorik ematen ez denean. Azken finean, alferrik da euskararen aldeko aldarria hitz politetan urtzen zaien politikoekin. Nik garbi daukat, kexu hau eginda ez dut inor diskriminatu. Benetako diskriminazio bakarra euskaraz dakienari bere hizkuntzan egiten uzten ez dieten horiena da. Eta hori euskaldunok barneratzen dugunean egingo du benetan aurrera geure hizkuntzak. Hori da euskarak behar duen benetako legea, abokatuek ere ikasi beharko luketena.