Bakoitza bere zoroak bizi du. Ez da oraintxe nik asmatutako esaldia. Eta ez naiz ni salbuespena. Nik ere baditut bereziki kezkatzen nauten gaiak, azken aste honetan berritu zaizkidan minak. Esaterako, min ematen dit Villabonako plazatik igarotzean haurrak erdaraz entzuteak. Zerbaitetan huts egiten dugun seinale garbia da. Arreta jarrita gainera, ohartu naiz gurasoak ere gazteleraz ari ohi direla. Min ematen dit euskarazko irrati eta telebisten audientziak ikusteak. Eta hori telebista digitalaren aro berria iristeke dagoela. Hamarnaka kate, tematikoak, anitzak…, horiek dira denek ahotan dituzten ezaugarriak telebista eredu berri honen aurrean. Eta euskara? Inor jarri al da pentsatzen horren inguruan? Ez gara jabetzen egongo den kate pila horretatik bakarra edo gehienez bi izango direla euskaldunak (euskaraz, alegia). Min ematen dit Lurdes Iriondo hil ostean gure artean gehien saltzen den egunkariak atera zuen titularrak: “Hil da Lurdes Iriondo, Xabier Leteren emaztea”. Egunkari horrek berak urte zahar egunean izan ziren saioen azterketa bat egin zuen lehengoan. Hego Euskal Herrian ikus zitezkeen saio guztiak agertu ziren, ETB1ekoa kenduta, zein eta euskaraz ere goza daitekeela maisuki gogorarazten digun Wazemank saioa. Zer nolako paradoxa. Irlandan izana naiz bi alditan. Iparraldekoena ikusteke, independentzia lortu duen herria da irlandarra. Baina euren hizkuntza galdu dute, bide seinaleetan eta ofizialak diren arloetan soilik irakur daiteke gaelikoa. Baina entzun ez. Jendeak ez daki eta dakiten apurrek ez dute hitz egiten. Ingelesez aritzen dira guztiak. BBC da gehien ikusten den telebista katea. Janari azkarra eta Mc Donalds-ak dira jaun eta jabe. Horregatik, beldurra ematen dit politikariek Irlanda eredua dela aipatzen dutenean. Nik ez dut euskararik gabeko Euskal Herririk irudikatzen. Hobeto esanda, ezin da euskara gabe Euskal Herria egin.