Gutun irekia Andoaingo PSE-EEri

Erabiltzailearen aurpegia Ipar Haizea plataforma 2019ko mar. 27a, 16:32

Andoaingo PSE-EE alderdiari hondakinen inguruko akordiora batzeko eskatzen diogu. Andoaingo errefusaren edukiontzien irekiera astean 4 alditara mugatua dago, erabiltzaileak txartela erabiliz eguna eta momentua aukeratzen duelarik.

Pixoihalak dituzten familiek irekiera gehiago egin ditzakete, hala eskatu badute. Irekierarako maiztasuna teknikariek zehaztu zuten arren (nor hobeto beraiek baino), etxean hondakinak ongi sailkatzen dituen orok jakin badaki astean 4 aldi errefusa botatzeko nahikoa eta sobera dela, hondakinen zati oso txikia baita errefusa.

Bestalde, hondakinen bilketa sistema berriak edukiontzi gehienen aldaketa ekarri du, aurrekoak egoera txarrean eta zaharkituak zeuden eta. Udaleko ia alderdi guztien oniritzia jaso du (EHBildu, EAJ-PNV, Ganemos eta Irabazi, atxikitu gabeko zinegotziaz gain), PSE-EErena izan ezik.

Gipuzkoan zehar, irekiera mugatuko sistemaren eredu ezberdinak (astean 1, 2 edo 7 egunetara) onartu ditu alderdi sozialistak: Zumarragan, Urretxun eta Beasainen astean 2 egun zehatzetara mugatu dute errefusaren irekiera, Urola Kostan zein Debabarrenan txartelarekin mugarik gabe (emaitza zeharo ezberdinekin)...

Eta Andoainen, aldiz, ez dute onartzen teknikariek zehaztutako maiztasuna duen sistema berria.

Zergatik egiten du hori Andoaingo PSE-EEk? Zeren eta helburua kontuan hartzen badugu (Andoainen gutxienez %60ra iristea) ez zaigu ulergarria iruditzen sistema berria ez onartzea, irekieraren mugaketa zehatz batekin emaitza hobeak lortzen direla frogatuta dagoenean.

Urrutira joan gabe, otsailaren 11n martxan jarri zen edukiontzi grisaren itxierarekin, hondakinen %63,2ko gaikako bilketara ailegatu gara. Berriki Andoaingo Udalak emandako datua da. Emaitzek erakutsi dute sistemaren ezarpenak frakzio guztietan eragin positiboa izan duela (birziklagarrietan nabarmen gora eta errefusa dexente behera). Horregatik, dei egiten diogu Andoaingo PSE-EEri. Bere jarrera alda dezan eta sistema berriaren adostasunera batu dadin. Denok batera lan egin dezagun emaitzen hobekuntzan.

Azkenik, martxoaren 30ean Zumea plazan 12:00etan egingo dugun edukiontzi grisaren ongietorri argazkian parte hartzera gonbidatzen ditugu andoaindar guztiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!