PSE-EEren erantzunari erantzunez

Erabiltzailearen aurpegia Ipar Haizea plataforma 2019ko api. 14a, 12:39

Aiurriko “Postontzia” atalean, (Aiurri, 603. zenbakia. 2019ko apirilaren 5ekoa) PSE-EEren erantzunari erantzunez:

Edukiontzien irekiera astean 4 alditara (pixoihalak gehiagotan) mugatzea teknikarien gomendioa izan zen, informe batean ageri dena, hauek gomendioak bakarrik egin baititzakete. Azken erabakia beti politikoa da. Honenbestez, erabaki teknikoa nahiz politikoa izan zen. Lurrazpiko edukiontziak ezabatzeko erabakiaren inguruan, jada 2014/01/07ko Hondakinen Mahaiko aktan Mankomunitateko teknikariak lurrazpiko edukiontziak kentzea gomendatzen du, suposatzen duten gastu handia aurreztu eta bilketa sistema motak bateratzearren.

Edukiontzi gehienen berrikuntzari dagokionez, denboran bat etorri direla esan nahi genuen.

Bestalde, herritar gehienei organikorako materiala banatzeak ekarri duela datuen igoera diozuenean, ez gaude ados. Alde batetik horrek zerikusia izan badu ere, gaikako bilketaren igoera gehienbat edukiontzi grisaren itxierak eta mugatzeak ekarri duela argi dago, inguruko beste udalerri askotan ikusi ahal izan den moduan.

Adibidez, Zumarraga, Urretxu eta Beasainen argi ikusi da hori. Bertan errefusaren edukiontzia astean 2 egun zehatzetan zabaldu daiteke (astelehena eta ostirala, pixoihalak ere egunero bota daitezke edukiontzi berezietan), eta hilabetez hilabete datuak %70ko gaikako bilketatik gora egon dira sistema berria ezarri ondoren. Hori gutxi balitz, udalerri horietan guztietan PSE-EEk aldeko bozka eman dio sistema berri horri, udal horietan guztietan dauden alderdi politiko guztien adostasunarekin batera, erabateko adostasunera ailegatuz, beraz.

Tolosa aipatzen duzue. Benetan aipatzen duzue adibide hori? Zergatik ez duzue aipatzen Zumarraga, non PSE-EEk alkatetza duen eta edukiontzi grisa irekiera mugatuarekin duten, eta erabateko adostasunera ailegatu ziren?

Tolosan lehen edukiontzi itxiak eta irekiera mugatukoak zituzten materia organikoa eta errefuserako. Horiek kendu zituzten eta edukiontzi irekiak ezarri. Zalantzarik gabe, gaikako bilketari dagokionez, zituzten ohitura onak eta datuak nahiko ongi mantendu dituzte, ez horrela organikoaren kalitatea, inpropioak %19ra ere ailegatu baitira, eta GHKk atentzioa deitu die.

Andoaingo sistema berriak, orain arteko erritmo bera mantendu ezkero, urtean 150.000 euroko aurrezpena ekarriko digu andoaindarroi, errefusaren jaitsieragatik. Doktor Huiziko parkearen kostua haina.

Azaldutako arrazoiengatik, PSE-EEri eskatzen diogu bere jarrera alda dezala eta hondakinen bilketa sistema berria onartu dezala.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!