Abuztuaren 19an oporretan nengoen, Katalunia aldean, eskuko telefonora argazki-sorta iritsi zitzaidanean. Haietako argazki batean “Mi última quimio” mezua ageri zen arbelean idatzita. Irailaren 16ko honetan, erreportajearen abiapuntua errepasatzen ari naizela, Andoni Urbistondok bidali zizkidan argazkiei erantzun ere ez niola egin konturatu naiz.
Abuztuaren 25ean, lanera itzulera iristen ari zela madarikatzen hasita nengoen. Berriro ere bulegora, Aiurri-Erroitz portu onera eramateko lanera. Berriro ere likidezia, finantziazioa... horrelakoekin borrokatu beharra. Baina Aiurriko lantaldeko whatsapp taldera iritsi zitzaidan Mikel lankidea traktore baten pala gainera igota, kapitalismo basatiarekin nazka-nazka eginda zeuden nekazarien protestaren jarraipena egiten ari zela. Egun berean iritsi zitzaidan beste mezu bat, Andoni Urbistondorena: “Hauxe dek nere schedule-a: Irailak 10 Ainara Albizu”. Oh bai! Lanera itzultzeko motiboa hori nuen: Kazetaritza. Eta, tira, likidezia, finantziazioa... horri ere heldu behar nion. Iazko egoera ekonomiko zaila ez errepikatzeko jarraitu beharko dugu lanean.
Irailaren 1ean jaso nuen Ainara Albizuren elkarrizketaren transkripzioa. Baita argazki gehiago ere. Audio mezu bat bidali nion Andoniri: “Zorionak Urbix. Tokiko prentsan horrelakoak argitaratzea garrantzia handikoa da. Oso ondo, eta eskerrik asko!”.
Albizurena irailaren 9ko Aiurriko astekariko portada izan zen, eta ostegunean harpidedunen etxeetara paperezko edizioa zabaltzen hasi zen.
Irailaren 10ean, goizeko 09:00tan hasita, elkarrizketa webgunean irakur zitekeen. Elkarrizketa irakurri ez duenak hona esteka. Garrantzia handiko esaldi bat agertzen da elkarrizketa horretan:
Sare sozialetan ari zara zure bizipenak agertzen. Zergatik?
Hasieran zurrumurru eta gezurrak saiheste aldera hasi nintzen. Bigarrenez, maite nauen jendeak nire berri eduki zezan, jendea ez baita ausartzen galdetzera. Nire argazkiak sareratu ditudan lehen aldia izan da. Eta terapia moduan, barrua hustutzeko. Jende asko dago bere bizipenak kontatzeko, eta zenbaitzuk ba influencer edo halakoak izateko asmotan, protagonismoa bilatzeko. Elkarrizketa bakarra emango dut, publikoki, Aiurri-ri, eta herriko aldizkaria delako.
Lau ordu pasa ziren Argiak albistea bere timelinean sartu eta sareetan zabaltzen hasi zenean. Ordu horretan Bilbora bidean nindoan Ane Zabala, Oier Arantzabal eta Ilaski Serranorekin ETBko Ahoz Ahon nuen hitzorduan parte hartzera.
Burura etorri zitzaidan lehen gauza elkarrizketa hartatik aukeratu dudan pasartea izan da. Ainara Albizuk elkarrizketa bakarra ematea erabaki zuen. Non eta Aiurrin, non eta herriko hedabidean. Argiak hori egin aurretik zergatik ez ote zuen Aiurrira deitu galdetzen nion neure buruari. Zer pentsatuko luke Albizuk? Urbistondorekin hitz egin behar zela, eta hark Albizurekin hitz egin behar zuela uste nuen. Eta hori uste dut oraindik. Ez delako edozein elkarrizketa. Elkarrizketatuak baldintza zehatza jarri baitzion elkarrizketatzaileari.
Asteburu osoa bi haurrekin eman nuen, nire bikotekidea pailazoen emanaldietan lanean zebilen bitartean. Argia-Aiurriri buruzko lanak astelehen goizerako utzi nituen.
Igande gauean jaso nuen Urbistondoren lehen mezua, afera honi buruzkoa. Astelehen goizean lehertu zen ekaitza. Hortik aurrerakoa ezaguna da Twitter Herrian edota euskal komunikazioaren ingurumarian dabiltzan askorentzat. Twitter guduzelai bilakatuta, Aiurriren parte hartzea eta nirea oso apala izan da. Ez dugu zaratan sakondu nahi izan. Astelehen arratsaldetik hona idatzi diren dozenaka eta dozenaka txio zarata besterik ez direlako izan.
Lizentzia vs Prozedura kontzeptuen arteko borroka infinitua izan da. Ez bazara twitterren sartu horixe da sintesia: Argiak dio lizentzia, lizentzia, lizentzia. Urbixek dio prozedura, prozedura, prozedura. Masokismoa gogoko baduzu, krispetak berotu eta irentsi itzazu ehunka txio. Tartean anonimoen txio marabillosoren bat edo beste topatuko duzu.
Twitterreko guduzelai birtual horretatik harago, bizitza erreala dago. Nola haserretuko naiz ni Argiakoekin? Xabier Letonarekin? Gorka Bereziartuarekin? 35 urte atzera, Tolosan, Ubeda-Goikoetxea familian 8 ginen. Garbiñe arreba garai hartan Argian zegoen lanean. Zuzendari aritu zen ere, denbora batez. Gonbidatuak eramaten zituen etxera eta mahaia 9rentzat paratzen genuen. Ordutik ezagutzen dut Xabier Letona. Estimatzen dut. Gorka Bereziartuari buruz zer pentsatzen dudan jakiteko zoazte “Gogoan dut” liburura. Bat nator idazleak kazetariari buruz dioenarekin. Estimatzen dut.
Hona iritsita, Lizentzia vs Prozedura eztabaidaren inguruan ez dugu ikuspegi berbera. Oso estu hartzen dute lizentziaren kontu hori, eta prozedurari buruz gu bezalako tokiko hedabide batek dioena entzun beharko luketela iruditzen zait.
Ainara Albizuren elkarrizketa Urbixi zor zaio. Urbixek ia hilabetez egin zuen lanketarik gabe, Ainara Albizuren elkarrizketa ez luke Aiurrik lortuko. Ezta Argiak ere. Eta Argiak argitaratu bazuen Aiurrirako Urbixek bere lana fin egin zuelako izan zen.
Elkarrizketatuak soilik herriko hedabidean atera nahi duela badio, elkarrizketa hori erabili nahi duen bigarren hedabide batek oso kontutan hartu behar du elkarrizketatuak jarritako baldintza hori. Lizentzien eztabaidaren gainetik dago baldintza hori errespetatzea. Nik oso argi daukat neurea ez den elkarrizketa balitz nire medioan atera aurretik argitaratu duen medioari kontsulta egingo niola.
Edukiak eta edukiak daude. Aiurrik argitara eman duen elkarrizketa hori sentsiblea dela deritzot, elkarrizketatuak bizi duen egoeragatik eta jarri duen baldintzagatik.
Salbuespen hori alde batera utzita, hitz egin dezagun Aiurri-Argia artean oro har eta gerora begira edukiak partekatzeko aukeraz.
Argiak eta Aiurrik lizentzia bera defendatzen dugu
Eta baita praktikan jarri ere. Aiurriko ehunka argazki daude Euskarazko Wikipedian. Tokikomeko hedabideekin partekatzen ditugu hainbat eduki. Besteak beste, Andoni Urbistondoren kirol kronikak. Prozedura oso erraza da. Urbistondorekin hitz egiten dugu eta hark baiezkoa ematen badu Tokikomeko hedabideei abixua ematen diegu. Hortik aurrera, nahi duen hedabideak aukera hori baliatzen du.
Argiak ez du Aiurrirekin bere edukiak partekatzeko arazorik. Ezta Aiurrik Argiarekin ere. Baina horrek ez gaitu lizentziaren irakurketa zorrotzenera eraman behar. Zilegi da Aiurrik berak sortutako eduki propioekin dizdira egiteko anbizioa izatea. Ez da hain zaila prozedura bat adostea. Utz diezaiogun Aiurri.eus-eko url-ari bidea egiten, eta gero egoki ikusten badu, partekatu dezala eduki hori Argiak. 48 orduko tartea, adibidez. Zilegi baita Aiurrik berak sortutako eduki propioekin dizdira egiteko anbizioa izatea.