Haurrak eta gurasoak. Bereziki, amak. Eta inoiz hutsik egiten ez duen festazale beterano amorratuen kuadrilla. Adinean gora doaz azken horiek, baina, oraingoz, festaren parte izaten jarraitzen dute. Eta, eskerrak! Ezinbestekoak dira.
Oinarri hori du Andoaingo kalderero jaiak. Ospakizuna hari batetik zintzilik dagoela dirudi, kopuruan, eskas antzera dabiltzalako. Estuasunak igaro zituzten, urte batzuk atzera, eta futbolarien "partidaz partida" esaera inauterira ekarrita, aurtengoa ere egin ahal izan da. Balio handikoa da gizarte mailako ospakizuna bizirik mantentzea.
Zer dela eta kosta da hainbeste kaldereroei eustea? Andoainen, eta, oro har, Tolosa ez diren inguruko herrietan, mozorrotzea egun bakarreko kontua dirudielako. Zeren eta larunbat honetan ia herri osoa kalera aterako baita, mozorroa jantzita. Apustu segurua da, den-denek egun bakarra seinalatuta.
Positibo jartzen hasita, azken urteotan berreskuratu den Axerien Puska Biltzeak inauteri festaren iragarpena aurreratu du. Puska Biltzea, Kaldereroak eta inauteria, hurrenkera horretan. Hortxe neguko ospakizunen hirukoa. Esker ona adierazi behar zaie kalderero festari eutsi diotenei. Ea datorrenean, lagun gehiago batzen zaien.