Tolosaldea eta Donostialdea barrutietan bila ibili gara eta Burujabetza izenarekin hautes-zerrenda bakarra aurkezten da. Non eta Andoainen. Beste herrietan ere ari zirela adierazi zuten eurek, baina izen horrekin behintzat Andoainen bakarrik agertu da hautes-zerrenda. Agrupazio bat osatu dute eta behin-behinean Andoaingo hautagaitza bat gehiago da. Maiatzaren 2an behin betiko zerrendak onartuko dira, eta hortxe egin daiteke Burujabetza Andoain hautes-zerrenda, gainerako alderdi klasikoekin batera.
Aiurri.eus gunean artikulua argitaratu genuen, sinadura-bilketa egiten ari zirela eta. Egun ezberdinetan ibili ziren sinadurak biltzen. Datozen egunetan hauteskunde Batzordearen aurrean azken “kortea” igarotzea lortzen badute, ezin zaie ukatu atxekimenduak lortzeko meritua.
Andoaindarren artean aski ezagunak dira zerrendan agertzen diren hainbat lagun. Eta batzuk ez dira berri-berriak udal politikagintzan. Are gehiago, “lorez lore” ibili dira azken agintaldietan. Hautes-zerrenda horretan ibilbidetxoa egin dute, Udal politikagintzan, Patxi Aznar zerendaburuak eta Antonia Abello eta Jorge Mourinho zerrendakideek.
“Ez dugu sinesten alderdi politikoetan, ez politikoetan, ez partitokrazian (inoiz ez da Demokrazia izan). Erakutsi digute ez dutela gure konfiantza merezi”.
SIC.
Hori adierazi dute, egunotan. Hemerotekara atzera eginez, ordea, hauxe da 2011tik hona topatu duguna:
Patxi Aznar, hirugarren aldiz hautagai
2011ko Udal hauteskundeetan Ezker Batuako zerrendan aurkeztu zen, bederatzigarren postuan. 2015eko Udal hauteskundeetan, berriz, EH Bilduko hautes-zerrendan agertu zen, hamabigarren postuan. 2023an Burujabetza Andoain zerrendako hautagaia izango da.
Jorge Mourinho, laugarren aldiz hautagai
2011n Ezker Batuako zerrendan agertu zen, seigarren postuan. 2015ean Irabazi Andoain alderdiko alkategaia izan zen, eta zinegotzi postua lortu zuen. 4 urte egin zituen zinegotzi modura. 2019an Elkarrekin Podemoseko zerrendan aurkeztu zen, seigarren postuan. Postu berdina errepikatuko du 2023an, Burujabetza Andoain hautes-zerrendan.
Antonia Abello, hirugarren aldiz hautagai
2015ean Irabazi Andoain hautes-zerrendan bigarren postuan aurkeztu zen, eta 2019ko hauteskundeetan Elkarrekin Podemos hautagaitzako hirugarrenpostuan ageri zen. Burujabetza Andoain zerrendan agero da, 2023an, bosgarren postuan.
Gauzak ondo badijoakie, euren aldeko botoa eskatzen ibiliko dira hurrengo asteetan. "Demokraziaren festan" parte hartuko dute, beraz.