Entzutea dagokigu herritarroi, baina ez hori bakarrik. Egun hauetan kalez kale, merkatu plazan… hautagaiak herritarrengandik gertu ibili dira. Askok, lotsatu antzera, eskaini zaien esku-orria jaso eta euren zereginetan jarraitu dute. Ez dira gutxi izango politikoei iskin egin dietenak. Eta besteren batzuk hautagaiarekin hizketan geratu dira. Entzuteko, galdetzeko, eskatzeko eta kargu hartzeko garaian murgilduta gaude.
Kazetarioi galderak egitea dagokigu. Aiurrik horixe egingo du, eta jendaurrean gainera. Aurreko hitzordutan debatea antolatu izan du, baina oraingoan formula errepikatu ordez hautagai bakoitza elkarrizketatuko da. Solaskide bakoitzak bere hautagaitza defendatu beharko du, inork bere azalpenak zangotrabatu gabe. Ideiak eta proposamenak azaltzeko eraginkorragoa da. Bestalde, kazetaria bere ogibidea garatzeko gertu dago. Debatean, behin baino gehiagotan, Miguel Angel Perez Lasaren elastiko beltza jantzi beharra dago-eta.
Hautagaiaren alde, elkarrizketaren alde, entzutearen alde… 2023an aurrez aurreko elkarrizketak egitea lehenetsi du erredakzio taldeak. Aiurritik Andoaingo lau alkategaiei parte hartzeko gonbita luzatu diegu. Euskaldunak dira, eta euskaraz izango dira lau saioak. Ezin bestela. Aiurriren nortasun ikurretakoa gure hizkuntza baita.
Eta zer topatuko du entzuleak elkarrizketa hauetan? Pertsonatik abiatuko gara, gertuenetik. Elkarrizketak aurrera joan ahala, agintaldiaren ibilbideaz eta hurrengo ziklo politikoaz galdera-sorta luzatuko diogu. Gertukoa bai, baina galdera zorrotzak bazterrean utzi gabe.
Elkarrizketaren tartea amaituta, herritarrek ere galdera egiteko aukera izango dute. Zer esanik ez, eskua altxatzen duenak galdera egitera mugatu beharko duela. Eta esan gabe doa errespetuz eta tonu onean egindako galderak onartuko direla. Jokabide zatarrak ez ditugu onartuko.
Hautagaien tartea izango da, alderdi bakoitzak aurkeztu duen liderrari entzuteko tartea. Entzutea, horixe egitea dagokigulako herritarroi. Eta kazetarioi, galderak egitea.
Irakurle, gonbidatuta zaude.