Hortxe dago maiatzaren 28a, Andoaingo hautesle bakoitzaren boto sekretuarekin eraikitzen den misterioa argituko den eguna. Euforiko, burumakur, zalantzati, itxaropentsu, baikor, ezkor... Karruselean gora eta behera, sentsazioak bata bestearengandik ordezkatzen dira.
EH Bilduk kanpaina indartsua egin du. Jendea erakartzeko gaitasuna duela erakutsiz, beste behin. Kalez kale eta askotariko ekitaldietan sendo ageri dira. Jakin, badakite irabazteko aukera asko dituztela. Baina, Andoaingo kasuan, erronka ez da irabaztea. Langa goi-goian dago. Gehiengoa eskuekin ukitu beharko lukete, boterea eskuratu ahal izateko. Udalerrian auzi ezberdinekin talka sortu da. EH Bildu hortik hazi daiteke, suminduen multzo horretatik. Zeren eta dagoeneko babes zabala jasotzen ari dira azken hauteskundeetan.
PSE-EE 2019ko hauteskunde kanpaina errepikatzen ari dela dirudi. Eta horrek harritzen nau, 2019an oposizioan zegoelako. Alkatetzan egonda, ekitaldiak eta parte hartzea biderkatuko zutela espero nuen. Etengabeko presentziak, halere, ez du zertan arrakasta handiagoa bermatzen. 2019an, beste alderdien kanpaina handia egin gabe, bi mila boto eskuratzear izan ziren. Alkate izateak fokuan jarri du Lainez, lau urte hauetan. Herritarrek euren kudeaketa saritzen edo zigortzen duten, igandean jakingo da.
Sozialistek eta jeltzaleek badute, EAEko hitzarmenaren arabera, EH Bilduk ez duen aldagai bat. Biak ala biak, hauteskundeak irabazi gabe, aginte-makilaren jabe egin daitezkeela.
EAJ-PNV alderdiaren anbizioa hori da. Sozialistak gainditu eta bigarren postutik alkatetza eskuratzea amesten dute. Soziologikoki, sozialismoak indar handia izan du Andoainen. Eta, gehien-gehienetan, jeltzaleek baino babes handiagoa jaso dute. Goenagak hautagai berri bakartzat hartzen du bere burua, eta botoetan eta zinegotzi-kopuruan gora egin nahi du. Horretarako, sozialistek jaitsiera nabarmena pairatu beharko lukete. Eta bada galdera bat, airean: C2aren aferak zenbateraino zigortuko ditu jeltzaleen asmoak? Hori ere igandean argituko da.
Udal ordezkari bakarra duen Elkarrekin Podemos kanpaina apalagoa egiten ari da. Presentzia gutxi izaten ari dira. Botoetan gorantz egitea espero dute, baina duten ordezkaritzari eustea ez litzateke eurentzat sari kaskarra izango. Kontuan izanik espazio horretan dauden etengabeko xextrak, irautea irabaztea da.
Haurren aurrean, helduak heldu
Topagunearen esaldi hori politikara ekarri behar dugu. Gertaera tamalgarria bizi izan genuen, astearen hasieran, Twitterren. Haurren irudi-sorta, kultur aniztasuna ardatz zuen ekitaldia eta kanpainan lehiakide duen hautagaiari kritika. Hori guztia ageri zen sozialisten txio batean. Guraso asko, publikoki nahiz pribatuan, asaldatu ziren. PSE-EEk atzera egin eta txioa ezabatu zuen. Badira tentuz ibili beharreko eremuak. Haurren aurrean, helduok heldu agertu behar dugu. Egunerokoan, alor ezberdinetan, eta baita politikan ere. Ikasi ote dugu, hurrengoetarako?