Hautesle askorentzat Andoni Alvarez eta Maider Lainez hautagai onak dira. Babes zabalagoa lortu dute, biek ala biek, udal hauteskundeetan, Batzar Nagusietan baino. Imanol Goenagarekin, aldiz, kontrako zantzuak antzematen dira. Joera bat da Andoainen, alderdi horretan. Udal hauteskundeetan hauteslea erakartzeko formularekin ez dute asmatzen. Batzar Nagusietarako hauteskundeetan emaitza hobeak lortzen dituzten bitartean, udalerri mailan zerbaitetan huts egiten ari direla esan daiteke.
Elkarrekin Podemoseko Pepe Iparragirrek eutsi dio ordezkaritzari. Irautea garaipen modukoa da moreentzat.
Maider Lainez alkateak ez dio probetxua atera bere agintaldiari. Ez du boto berria erakartzen asmatu. Boto-portzentaiari eusten diote sozialistek, baina abstentzioak bere hautagai zuzenari baino gehiago eragin dio.
Etxean geratzea hautagaia zigortzeko modu bat da. Eta hori gertatu da, Andoainen.
Andoni Alvarezek, aldiz, marka berria ezarri du. Erraz esaten da, baina beste aukerarik ez zuen. 2019ko hauteskundeen bigarren itzulia bizi izan genuela ondorioztatu daiteke. Oposizioan egoten asmatu zuen EH Bilduk, eta aukera berria iritsi denean, kolpe berria eman. Andoni Alvarez hautagaia aski ezaguna da, eta hautes-zerrendan, herrian, irismen maila handia duten hautagaiak aurkeztu ditu.