M28 Andoain

Debatea

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2023ko eka. 8a, 07:00

“Joni, aurten debatea faltan bota dut”. Atea zeharkatu aurretik tinbrea jotzen duenak bezalaxe, abegikor hurbildu zitzaidan laguna.

Atea danbaka jotzen duen moduko jarrerarekin hurbildu zitzaidan beste bat: “Oye, ¡me parece muy mal que no haya debate!”. Eta behatza tinbretik kendu ezinik eta beste eskuarekin atea danbaka joz aritzen den haserretuaren plantan hurbildu zaidan konspiranoikorik ez da falta izan: “Yo ya sé por qué no has organizado el debate...”. Ez ziren hor bukatzen purrustaldiak. Bigarren kolpea prest zuen, batek baino gehiagok: “Emaitza zozoa izan da”; “Ha ido muchísima menos gente, esta vez”.

2015eko eta 2019ko udal hauteskundeetan debate bana antolatu genuen Aiurritik. Formula errepikatzearekin nekatuta, beste proposamen baten alde egin genuen. Lantaldean hautagai bakoitza elkarrizketatzea adostu genuen. Debaterik ez da izan, eta horrek hainbaten erreakzioa eragin du. Kakotxa artean aipaturikoak neroni kalean jasotako iritzi sorta da.

Aipamen horiek entzuterakoan bi erreakzio izan ditut, eta bigarrena aipatuz hasi nahi dut. Zeinen ona den Aiurrira horrelako eskaerekin hurbiltzea! Aiurrik gizarte bizitzan duen garrantziaren seinale da. Erdal munduarentzat ere erreferentzia gara, eta hori euskarazko informazioaren lanketan urte luzez dihardugunontzat 1994ko hasiera haietan amesten ez genuen lorpena da. Euskarazko tokiko hedabideok lortu dugu erreferentzialtasun hori. Ez da berria. Gure lana etengabekoa da, herriari estuki lotuta, askotariko informazioa landuz eta sareetan, gainera, irudiz eta bideoz emaitza bikaina eskainiz.

Nire lehen erreakzioa zein izan zen imajinatuko duzue. Ez nituen gogo onez hartu, jasotako komentario horiek. Debatea antolatzea nekagarria da. Ez dakizue zenbateraino! Ordulariari begira pasa nituen bi debate. Kazetari lanetan baino gehiago, epaile aritu izanaren sentsazioa izan nuen bietan. Debateak amaituta ere epelak entzun behar izan genituen alderdi bakoitzaren kideen aldetik. 2015ean herritarren galde-erreguen norabidearekin haserretu ziren batzuk, 2019an azken erreplikan eurenak ez ziren hautagaiek botatako argudioekin sumindu ziren ia alderdi guztietako kideak… Fahrenheit graduak, lau urtetik urtera, gorantz doazela ikusita, debatearekin jarraitzeko gogo gutxi. Eta, bai, La Sexta TVra jolas genezake. Neu, ordea, espektakularizazioaren kontra agertzen naiz. Aurten, elkarrizketen bidez, pertsona eta hautagaia hobeto ezagutu ditugu. Pepu Hernandez entrenatzaileak behinola saskibaloiaz adierazi zuena gurera ekarriz, aurtengo xedea argia izan da: Gurea ka ze ta ri tza da.

Aurten, formatu honetan, kazetari sentitu naiz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!