M28 Andoain

A eta B plana, udal korporazioa osatzeko astebeteren faltan

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2023ko eka. 10a, 08:00

Ez, ez dago B planik. Beno, bai, badago. Aurrera ateratzeko aukera gutxirekin.

Gaur zortzi udal korporazio berria osatuko da, 2023-2027 zikloa betetzera datorrena. Ezer baino lehen, oinarrizko bi ideia nagusi azaldu behar dira:

Sufragio unibertsala / Demokrazia ordezkatzailea

Alkatearen aukeraketa bi pausotan egiten da.

  • Maiatzak 28. Sufragio unibertsalaren arabera, boto-emaileak alkategai bat aukeratu zuen. Horren arabera zenbatu ziren botoak, eta aukeratu 17 zinegotziak.
  • Ekainak 17. Bigarren pausoa 17 ordezkari horiek emango dute. Sufragio unibertsalak tokia egingo dio demokrazia ordezkatzaileari, hurrengo larunbatean. 17 pertsona horien esku dagoelako erabakia. Andoainen ondotxo dakigu ez duela zertan hauteskundeen irabazleak agindu behar. Datorren larunbatean ez da zehazki kontutan hartuko udal hauteskundeetan lortutako emaitza, 17 ordezkarien botoa baizik. Gehiengo osoa ziurtatuta ez dagoen kasuan kontutan hartu behar den xehetasuna da.

Aginte-makila eskuratzeko modua

Udal idazkariak gidatuko du kargu hartze ekitaldia. Alkatearen aukeraketa bozkatu egin behar da. Hauxe da prozedura: Andoainen, orain arte, zinegotziek papertxo batean hautagaiaren izena idatzi eta hautestontzi batean sartzen dute. Botoa sekretua da, baina erraz irudikatu daiteke zinegotzi bakoitzaren asmoa. EH Bilduko zortzi zinegotziek Andoni Alvarezen izena jarriko dute, PSE-EEko bostek Maider Lainezena, eta ikustear dago EAJ-PNVko hirurek eta Elkarrekin Podemoseko ordezkari bakarrak noren alde egingo duten. Ez da detaile txikia. Boto zenbaketan bi aukera egon daitezke:

BAT
Gehiengo osoa (17tik 9),  zinegotzien arteko bozketan

Hautagairen batek gehiengo osoa eskuratzea. 17tik 9 boto lortzen dituenak aginte-makila eskuratuko du. Nola lor daiteke hori? Paktu-metroa martxan jarriz gero, bi aukera aurreikusi daitezke:

  • EH Bildu (8) + Elkarrekin Podemos (1) hitzarmena 9 boto dira. Andoni Alvarez litzateke alkate, modu horretan. Hori gerta daiteke? Hori dirudi.
  • PSE-EE (5) + EAJ-PNV (3) + Elkarrekin Podemos (1) hitzarmena 9 boto dira. Aukera horren bidez Maider Lainez litzateke aukera. Hori gerta daiteke? Gaurkoz, zaila dirudi. Baina logikoa da PSE-EE aukera horren alde saiatzea.
BI
Gehiengo osorik ez, zinegotzien arteko bozketan

Bozketan 9 boto ziurtatzen ez badira, zer? Alderdien arteko hitzarmenik ez dagoela uler daiteke. Boto zenbaketan ez badago 9 boto lortu dituen hautagairik, hauteskundeetan irabazle izan zena izango da alkatea. Kasu honetan, Andoni Alvarez Lete. Hitzarmenik ez badago, gakoa Elkarrekin Podemoseko Pepe Iparragirreren botoan dago. Bere buruari botoa ematen dio, Andoni Alvarez izango da alkatea.

 

A eta B planak

Udal korporazioa osatzeko astebeteren faltan, A eta B planak hortxe daude. A plana Andoni Alvarez alkatea izatea da. B plana, Maider Lainez alkatetzan errepikatzea da. Berez, ez dago B planik. Beno, bai, badago, baina ez dirudi aurrera aterako denik.

  • A plana hauteskundeetan irabazle izan den Andoni Alvarez alkate izatea da. Botoetan eta boto-portzentaian irabazle argia da. 2019ko marka ­–marka da, gero!– hobetzea lortu du. Maiatzaren 28an EAJ-PNV eta PSE-EE bi alderdien batura baino boto gehiago eta boto portzentaia handiagoa lortu zuen. Zilegitasunean irabazi du EH Bilduk, eta era berean Andoni Alvarez alkategaiak.
  • B plana PSE-EE, EAJ-PNV eta Elkarrekin Podemosen botoak elkartzea da. Zer eta hautagai bozkatuena oposizioan uzteko. Galtzaileen batura litzateke. PSE-EEk 291 galdu dituelako bidean, EAJ-PNVk 502 eta Elkarrekin Podemosek 174. Hirukoa batuta, 967 boto galdu dituzte, denera. Zer eta botoak irabazi dituen EH Bildu oposiziora bidaltzeko. Gerta daiteke, baina aukera zaila da hori. Ezaguna den bezala, sintonia handia egon delako eta badagoelako Andoaingo EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko kideen artean.

Hautagaientzat –eta hautagaien etxekoentzat eta kazetarientzat, besteak beste– txarra ez aldez aurretik misterioa argituta izatea. Akordioa iragarrita izan daiteke. Esaterako, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos alderdien artean. Astean zehar ez bada hori gertatzen, larunbatean bertan argituko da misterioa. Azken kargu hartze ekitaldietan bezalaxe. Bitartean, utziko diogu denborari libre, bidea egin dezan. Luze jotzen du maiatzaren 28tik ekainaren 17a bitarteko epealdiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!