Aurreko astean, Tourra bertatik bertara igarotzen zenez, Andoaingo Gudarien etorbidean filmazioa egitea eskatu genion Xabier Lasa lankideari. Uztailaren 3an, lasterketa igaro zeneko biharamunean, Mikel Arberas lankideak pieza polita osatu zuen. Lasaren bezperako bideo hori Euskal Filmotekak toki berean egindako grabazio zaharrarekin batera uztartu eta sare sozialetan zabaldu zuen.
Izan zuen zabalkundeak harridura eragin digu. Bi tropelak batera eta toki berean ikustea ariketa zirraragarria iruditu zitzaigun. Eta, datuei erreparatuta, bistakoa da gustukoa izan dela milaka lagunentzat ere. Astebeteko epean 173.200 erabiltzailerengana iritsi da bideoa, 7.300 erreakzio sortu ditu (atsegin dut, txalo edo harridura eragiten duten emojien bidez), 1.227 aldiz partekatu da eta 123 iruzkin eragin ditu. Egunek aurrera egin ahala, gainera, zabalkundea handituz doa.
Facebooken ezagutza duen erabiltzaile orok azkar asko ondorioztatuko du, datu horiekin, bideoa birala egin dela. Nazioartean zabaldu da, bereziki Amerikan.
Euskal Filmotekak ekimen polita izan zuen, Laborde anaien aspaldiko grabazio mutua denen eskura ikusgai jarriz. 60-70 urte duten irudiak, egungo bideo batekin batera eskainiz, sekulako ikusmina piztu du. Ez da adierazten dugun lehen aldia: Tokikotik eragin unibertsala izan dezaketen edukiak sor daitezke.