[Analisia]

Horrelakorik ez genuen espero

Erabiltzailearen aurpegia Jon Ander Ubeda 2026ko martxoaren 4a

Bart gauetik hizketagai da Amenabar enpresaren adierazpena, zeinak periodikoak baliatu dituen “Amenabar-Zabalgunea” auzian erreklamatzen zituen milaka euroak barkatzen dituela adierazteko.

“Sinpa” baten atzetik urte luzez ibili ostean, atzera egitea erabaki du dirua erreklamatzen zebilen enpresak

Zergatik orain, eta ez lehenago?

Mugarriak ikusita, denbora asko eta aukera ugari izan du Amenabarrek barkamena adierazteko:

  • 2014ko otsailaren 24tik epaia irmoa da.
  • 2025eko maiatzaren 22an, probidentzia bidez, jabedun bakoitzari dagokiona eta interesak ordaintzeko erregua egiten dio justiziak Andoaingo Udalari. Eta, gutxira, ordaintzeko moduak zehazten dizkio justiziak berak Andoaingo Udalari.
  • 2026ko urtarrilaren hasieratik ari da Udala honen inguruko bandoak eta informazioa argitara ematen.
  • 2026ko otsailean –kasu guztietan ez bada, gehienetan– amaitu da ordainketa egiteko legezko epea.

Sententzia betearazlea da eta legezko hilabeteko epea igaro da kasu gehienetan

Kontziente da Amenabar bizilagun askok dagoeneko egin dutela ordainketa? 

Kasu gehienetan urtarrilaren lehen hamabostaldian jaso dute sententziaren idatzia. Notifikazioan irakur daitekeen agindua argia da: “hilabete bateko epea ematea, ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duten egunaren biharamunetik hasita”.

Diru hori, gainera, Justizia Administrazioaren kontu korronte batera egin da. Itzulketa noiz eta nola izango den ikusteke dago.

Helegiteak aurkezteko bi hilabeteko legezko epea betetzear da

Hori da Amenabarren mugimendua ulertzeko heldulekua?

Sententzia irmoa da eta Konpentsazio Batzordeak ez zuela erantzuten ikusita, eraikin edo inmuebleengana igaro da zigorra. Ordaindu gabeko lan baten atzean erantzuleak daude eta hori da, hain zuzen, auzia justiziara eramateko arrazoia. Sententzia irmo baten aurrean bizilagun askok dagoeneko ordainketa egin eta atzean geratzen ari den gertaera desatsegina barneratu dutenean, helegiteen argudioa ahul samarra da.

Errealitateak fikzioa gailentzen ikusita gaude hainbat alorretan

Horrelakorik ez genuen espero

Zinez, harrigarria da. Andoainen pozez hartu da albistea baina airean galdera eta zalantza asko geratu dira. Eta, aizue, auziari karga kendu eta arinkeria erantsiz gero, goiz honetan irudi bat datorkit burura: Amenabarrekin tratuan dabiltzan Konpentsazio Batzorde askotako idazkariak eta presidenteak ilaran irudikatzen ditut gaur Gipuzkoako hainbat notaritzatan. Denek baja eman nahi dute, paper ofizialetatik desagertu. Ez dute ordainduko eta, epe luzera, euren bezeroek ere ez. Total, “sinpa” egitea, balekoa da.

Jurisprudentzia dago. Periodikoak mediante.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!