Gu umeak ginenean, latinez ematen zuten meza Larraulen. Monagilo ginenean, jendeari bizkarrez jarrita egon behar izaten genuen aldarean. Oso tarteka jartzen ginen jendeari begira, apaizak zer edo zer bedeinkatu behar zuenean edo antzeko kasuetan, besterik ez. Orain dena ahaztu bazait ere, garai hartan, horrenbeste entzutearen poderioz, meza osorik neronek eman nezakeen latinez. Hitzez hitz, batere dudarik gabe. Gero, aldarea aldatu zutenean, mezak euskaraz ematen hasi ziren, eta ‘Aita Gurea’ ere aldatu egin zutela esango nuke. Hamasei bat urte izango nituen nik orduan. Apaizek pulpituaren gainetik izugarriak esaten zituztela gogoratzen dut.
Igandetan, mezaren aurretik, ordu erdi lehenago hasita, hamar minutuz kanpaiak jotzen aritzen ginen monagiloak. Meza hasi baino lehen ere jotzen genituen. Esan beharrik ez kanpaien historia oso zabala dela: hildakoena, jai egunetakoa, egunerokoa… Kanpaien hotsak egora desberdinen arabera, doinu ezberdinak izaten zituzten: tristeak batzuk, alaiagoak besteak. Kanpaiak entzun orduko jakiten zuten herritarrek zer gertatu zen herrian: etxeren bat erretzen ari ote zen, jai egun berezi bat ote zetorren, herritarren bat hil zorian ote zegoen edota dagoeneko hil ote zen, besteak beste…
Ave Maria edo Anjelusetako kanpaiak apaizak jotzen zituen eta Larraulen izan zen apaiz bat kanpandorrera kanpaiak jotzera joan beharrean etxetik bertatik jotzen zituena. Gure aita zenak eta beste hainbat larrauldarrek txirriska bat jarri zioten kanpandorretik etxeraino kableak pasatuta, eta elizara joan beharrean, txirriska horren bidez jotzen zituen kanpaiak maiz.
Apaiza pulpituaren gainean jartzen zenean, berriz, etortzen zitzaizkionak esaten zituen. Han zeudenak, noski, aditu egin behar eta ezin hitzik esan, gainera. Hitzaldi politak ere bai, baina gogorrak ere asko egiten zituzten orduko apaizek.